Aurten eginen dute ur araztegia

Guaixe 2015ko mai. 22a, 09:12

Nilsa enpresa publikoak Irañetako ur beltzen araztegia egiteko lanen deialdia egin du. Lanek 287.938,45 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute eta urte erdian lanak despedituak egon behar dute. Enpresa interesatuek euren eskaintza ostegunera arte aurkeztu dezakete.

Gaur egun Irañetako ur beltzak hobi septiko batean jasotzen dira. Hura ibai bazterrean, zubi ondoan dago. Ubeldeak gainezka egiten duenez, urez betetzen da eta hobi septikoaren funtzioa ezin du bete. Nilsako teknikariek hobitik 20 bat metrora aurreikusi dute ur araztegia, hobia baino metro batzuk altuago dagoen lur sail batean. Hobiak ur beltzak jasotzen segituko du eta punpa batek araztegira eramanen du. Han urak garbitu eta ibaira botako dituzte.

Ur biltegia
Irañetako Udalak aspalditik ur biltegia berritzeko asmoa du. Herria hornitzeko iturburuak ur emari nahikoa du. Horregatik, Irañeta da Sakanako Mankomunitatearen Ur Zerbitzuan ez dagoen herrietako bat. Baina ur biltegia ez dago egoera onenean eta berritu beharra dago. Urteak daramatza Irañetako Udalak Nafarroako Gobernuari eskaera egiten. Orain arte ezezkoa izan da erantzuna, hala ere, berriki premiazko lanen zerrendan sartu du foru administrazioak. Baina dirurik ez duenez, lanak noiz eginen diren ez daki Pedro Beraza alkateak. Udalaren ekonomia bestelakoa balitz bere gain hartu eta gero gobernuari faktura pasatzeko aukera luke. Hori egitea ez du oraingoz aurreikusten.

Berazak, bestalde, jakinarazi digu autobus geltokian konponketak eginen dituztela. “Sarbideko egurrak usteltzen hasiak dira eta legean irisgarritasuna bermatzeko arranpa bat egitea eskatzen du. Egurra kendu eta porlanezkoa eginen dugu”.