Austeritatea udal kontuetan

Guaixe 2017ko mar. 10a, 09:20
Irañetako udaletxea. Argazkia: Laukoak.blogspot.com

Irañetako Udalak 143.273 euroko aurrekontua izanen du aurten. Juan Angel Beraza Gastesi alkateak jakinarazi digunez, “udalean ez dugu dirurik eta eusten ari gara”. Udal kontuen austeritatearen arrazoia udalak duen zorra dela gaztigatu digu alkateak: “2030 urtera arte 200.000 euro eta haien interesak ordaindu behar ditugu. Urtero 20.000 euro inguru dira. Diru-sarrera gutxi duen udal batendako asko”. Horregatik udalean “burua jasotzeko alde guztietatik murrizten˝ ari direla adierazi digu. Egoera delikatu horretan kale nagusi azpitik pasatzen den errekak zoruan egin zuen zuloa konpontzea (15.139 euro) “ez da brometarako kontua izan”.

Egoera horrekin urtero inbertsiorik ezin dutela egin eta lehentasunezko batzuk heldu den urterako utziko dituzte: argiteria publikoa LED argiez ordezkatu (argindar kontsumoa murriztu eta faktura txikitzeko), urtetan konpondu gabeko bideren bat konpontzea (batzuetan autoak ezin dira pasa) eta mediku kontsultategia. 2019rako, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin ur biltegia berrituko dute.

Eta lan txikiak egin eta dirua aurrezteko auzolanak deituko ditu, atzera ere, Irañetako Udalak. Familia bakoitzeko urtean lau auzolan eginen dituzte. Beti ere, 18 eta 55 urte artekoek. Beste batzuk Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Iturraskarri proiektuaren bidez eginen dituzte.