Kontxi Amezketa: “Fibromalgia isilpean gordetzen den gaixotasuna da; emozioak kontrolatzen jakitea eta meditazioa lantzea lagungarria da kalteak txikitzeko”

Maialen Huarte Arano 2014ko ots. 7a, 07:30

1. Isilpean gordetzen den gaixotasuna da, zergatik?
Ez da erraza izaten fibromalgia duenarentzat azaltzea zer nolakoa den gaixotasunak eragiten duen mina. Askok ez dute ulertzen gertatzen zaiguna eta uste dute gainera kexuka aritzen garela edozein huskeriagatik. Muskuluetako mina eta nekea izaten dugu, askotan, ohean sartuta baino pasatzen ez dena.

2. Norbanako bakoitzak modu ezberdinean pairatzen du gainera.
Bai. Fibromialgiak gorputzeko hemezortzi puntutan eragiten ahal du. Horietako batzuk izaten ditu norbanako bakoitzak kaltetuta, ez dute zertan guztiak izan. Horren arabera, batzuek eta besteek era desberdinean pairatzen dute gaixotasuna. Gaixotasun kronikoa eta jatorri ezezagunekoa da fibromalgia, erreumatologoek nagusiki antzematen dutena, eta ezaugarri psikiatrikoak dituena.

3. Beraz, mina fisikoa da baina ezaugarri psikiatrikoak ere baditu?
Gaixotasun ezezaguna da, tratamendu zaila duena eta detektatzeko zaila dena. Mediku askorengandik pasa naiz ni eta zenbaitzuek diote, norberaren bizitza pertsonalean izandako edo jasandako bizipen traumatikoen eraginez sortzen dela fibromalgia. Hau da, egoera zailak izanagatik edo pasadizo larriak izanagatik sortzen den eritasuna dela.

4. Diagnostikoak zure kasuan zein bide izan du?
Mediku asko, proba asko eta bidean ahalegin handia eginda lortu nuen nire diagnostikoa. Erreumatologoak ikusi ninduenean zehaztu zidan: gorputzeko hemezortzi puntuetatik hamasei nituen kaltetuta. Batez ere besoetan eta hanketan nuen minak eraman ninduen proba guztiak egitera, zerk eragiten zidan oinaze hori jakin beharrak.

5. Behin diagnostikoa eginda, zein tratamendu segitu duzu?
Medikuek pilulak eman izan dizkidate. Baina ni ez nago prest nire bizitza osoan pilula mordoa hartzeko. Horregatik jo nuen bestelako irtenbideen bila, nire medikuaren baimenarekin, ados zegoen bestelako teknikak bilatzeko neukan asmoarekin. Hortaz, gaixotasunaz informatu eta tratamendu alternatiboen bila hasi nintzen.

6. Zerk laguntzen zaitu?
Erlaxazioak eta nire burua kontrolatzeak. Izan ere, meditazioak eta norberaren burua kontrolatzeak asko laguntzen du gaixotasunari aurre egiteko. Burmuina erlaxatua mantenduz gorputza ere bare egoten da eta hori lortzen dudalarik minik ez dut izaten. Horrez gain, senda-belarrek duten ahalmenaz ere ohartu naiz. Harriak ere lagungarriak dira. Nik Amatistarekin ura irakiten dut eta harriaren ezaugarria hartzen dut edaten dudan ur horrekin. Min handia izaten dudanean, marihuanaz egiten dudan olioak libratzen nau oinazetik.

7. Ariketa fisiko espezifikoa egiteak ere laguntzen du?
Garrantzitsua da min egiten dizuten zonaldeak indartu eta mugiaraztea. Horretarako ariketa fisiko espezifikoa egitea oso gomendagarria izaten da, luzamenduak batez ere. Hasieran, ikastaroetan erakusten dizute zer egin hobeki sentitzeko eta minik ez izateko. Gero norberak etxean egin ditzakeen ariketak dira eta egunerokoan ongi egoteko aproposak dira.

8. Irurtzunen sortua zen talderen bat. Baina orain ez da aurrera atera?
Ikastaro horiek oso espezifikoak izaten dira (Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin 948 464 866). Jendeak ez du parte hartu nahi eta fibromalgia dugunok ez gara horrenbeste. Agian beste modu batera iragarriko balituzte ikastaroak jende gehiagok emanen luke izena. Ariketa fisiko espezifikoa eskaintzeaz gainera, meditazioa eta norberaren burua kontrolatzea adibidez, edozeini etor lekioke ongi eta hortaz, zabaldu eginen litzateke ikastaro horietara joaterik duen jende esparrua. Beste modu batera formulatu beharko litzatekeela uste dut.

9. Nafarroako Fibromalgia Elkarteko kidea ez zara. Zergatik?
Garai batean jo nuen Elkartera. Informazioa eskuratu eta gainerako gaixoekin hitz egiten nuen. Baina berehala ohartu nintzen horrek ez ninduela laguntzarik ematen. Hau da, fibromalgia pairatzen duen jende askok ezer gutxi egiten du egunerokoan hobeki bizitzeko. Asko kexuka aritzen dira, baina ez dute aurrera pausorik ematen, horretan gelditzen dira. Eta ni ez naiz horrelakoa. Betidanik aritu naiz arazoari irtenbide ematen, lasaitua emanen zidanaren bila. Ongi dago gainerako gaixoekin zure esperientzia konpartitzea, baina, ezin gara horretan gelditu.

10. Irtenbidea bilatzeko, nork eman dizu laguntza?
Kristaloterapia saio batzuetan izana naiz. Iruñean eskaintzen du, Noemi Rosas izeneko emakume batek. Kristalaren bitartez oinazea kentzeko terapia da eskaintzen duena. Baina ez hori bakarrik, Rosasentzat ezinbestekoa baita meditazioa lantzea ere. Horrek barneko emozioak kontrolatzeko ahalmena ematen duelako eta lehen esan bezala, gaixotasunak ezaugarri psikiatrikoak izanda, asko laguntzen du norberaren mina usatzen.

11. Gaixotasun isila da, detektatzen zaila eta tratamendua ere ez du zehaztua. Zer egin daiteke oro har, irtenbide gisa?
Medizina alternatiboa gehiago landu behar dela iruditzen zait, batez ere kronikoak diren eritasunekin. Ohiko botikak bizitza osoan hartzeak baretzen ahal du mina, baina gorputzeko beste atalei eragin diezaieke. Hortaz, naturak eskaintzen dizkigunetatik lortu behar da mina baretzea eta oso garrantzitsua da, emozioak eta norberaren burua kontrolpean edukitzen ikastea.