Magna Errege Kopatik kanpo, penaltyetan

Guaixe 2014ko aza. 5a, 08:18
Magna, aurreko partida batean.

Santiago Futsalen kontra seina berdindu eta gero, penaltyetan erori ziren irurtzundarrak

Punteria faltak beste nahigabe bat eman dio Magna Nafarroa Xotari. Irurtzungo taldea Errege Kopatik kanpo geratu da, atzo Santiago Futsalen kontra seina berdindu eta penaltyetan 5-4 galdu eta gero. Orain, ostiralean Levanteren kontrako partida garrantzitsuan zentratu beharko dira irurtzundarrak.

Errege Kopako final laurdenetan Magnak eta Santiago Futsalek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Gol festa ederra izan zen. Roberto Martil, Javi Eseverri (2) eta Jesulito (2) jokalariei esker bosna berdindu zuen Magnak. Irurtzungo taldea irabaztekotan izan zen, 44. minutuan Tolrák 5-6 aurreratu baitzuen Magna, baina berehala berdintzea lortu zuen Santiagoko Quintelak.

Orduan hasi zen penaltyen loteria. Parez pare aritu ziren Santiago eta Magna, eta jokalari guztiek gola sartu zuten, Javi Saldisek huts egin arte. Horrela, penaltyetan 5-4 galduta, Errege Kopatik kanpo geratu dira irurtzundarrak.

Levanteren kontrako partidan zentratu
Errege Kopa alde batera utzita, lehen mailako areto futbol txapelketan jarri beharko du burua Magnak. Izan ere, ostiralean partida oso garrantzitsua du Levante arerio zuzenaren kontra. Inter Movistar da ligako liderra (20 puntu). Magna Xota 9.a da (10 puntu). Bihar, ostegunean, eta Santiagoko bidaiaz oraindik errekuperatu gabe, atzera ere autobusa hartuko dute Magna Nafarroa Xotakoak, Valentziara jotzeko. Izan ere partida garrantzitsua dute ostiralean, Levanteren kontra. Levante 8.a da sailkapenean, 12 punturekin, eta Magnaren arerio zuzena da. Hortaz, sailkapeneko postua dago jokoan. “Ligan ongi jokatzen ari gara, baina akats indibidualengatik ari gara galtzen. Lan egiten jarraitu behar dugu, hobetzeko” adierazi du Imanol Arregi entrenatzaileak.