Magnaren garaipen garrantzitsua

Guaixe 2014ko aza. 17a, 10:45

6-2 irabazi zion D-Link Zaragozari

Ostiralean D-Link Zaragoza taldea hartu zuen Magna Nafarroa Xotak Anaitasuna Pabilioian. Partida garrantzitsua zen, Espainiako Koparako txapelketan parte hartzeko lehen 8 postutan sailkatu beharra baitauka Magnak. Imanol Arregiren mutilek bikain jokatu zuten eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, 6-2 irabazi baitzuten. Egun sailkapenean 7.ak dira irurtzundarrak.

Baina gauzak ez ziren ongi hasi Magnarendako, partida hasi eta 3 minutu pasa zirenean Zaragoza aurreratu baitzen. Tarte horretan oso erasokor aritu ziren Zaragozakoak. Baina Magnak partidako erritmoa bizkortu zuen eta erritmo hori jarraitzea oso zaila egin zitzaien Zaragozakoei. Horrela, Pablao Ibarrak berdintzea lortu zuen, eta bi minutu beranduago Carlitosek 2-1 aurreratu zuen Irurtzungo taldea. Berehala iritsi zen Eseverriren gola, hirugarrena. Magnakoek euren erritmo bizkorrarekin jarraitu zuten eta atsedenaldia baino lehen Jesulitok taldearen laugarren gola sartu zuen. Lehen zatian, beraz, jaun eta jabe izan zen Magna.

Bigarren zatian jokoaren intentsitatea ez zen horren azkarra izan, baina Magna ez zen lortutako errenta mantentzearekin konformatu. Roberto Martilek seigarren gola sartu zuen, eta D-Link Zaragozak, atezain-jokalari formula erabiliz, bigarren gola sartu zuen eta markagailua zehozer makillatzeko aukera izan zuen, 6-2rekin despeditu baitzen lehia.

Imanol Arregi oso pozik zegoen. “Oso partida serioa jokatu dugu eta hasieratik bukaerara nagusi izan gara. Garaipen justua da hau eta garrantzitsua, bi partida jarraian irabaztea, eta ongi jokatuta, falta zitzaigulako” adierazi zuen partida bukaeran.

Hurrengo arerioa: El Pozo
Inter Movistar da liderra (29 puntu), Bartzelona bigarrena (28 puntu) eta El Pozo Murcia hirugarrena (21 puntu). Magna Nafarroa Xota 7.a da (16 puntu), Espainiako Koparako sailkatu ahal izateko postuen barruan. Postu horietan jarraitzeko partida garrantzitsua du aurretik Magnak. Izan ere, larunbatean sailkapenean hirugarrena den El Pozo talde ahaltsua izango du arerio Magnak, 13:00etan, Murtziako Kirol Jauregian. Partida Teledeporte katearen bitartez jarraitu ahalko da. “El Pozo arerio oso konplikatua da. Baina gu lehendabiziko 8 postuetan mantentzeko borrokan jarraitzen dugu, eta hori da garrantzitsuena” aipatu du Imanol Arregik. Hortaz, dena ematera aterako dira irurtzundarrak.