Gaztetasunaren Balioaren Saria Mariñelarenarendako

Guaixe 2014ko aza. 25a, 09:28

Pilotu irurtzundarrak astelehenean jaso zuen saria Nafarroako Jauregian, Yolanda Barcina presidentearen eskutik

Nafarroako Gobernuak Gaztetasunaren Sariak eman zituen astelehenean, Nafarroako Jauregian ospatutako ekitaldian, Yolanda Barcina presidentea buru zela. Aurtengo sarietako bat Sakanara etorri da, Alex Mariñelarenak Gaztetasunaren Balioa saria jaso zuelako. Berarekin batera, Mojito, Tafallako Parrokien Arteko Gazte Mugimenduko Joseba Sanz eta Idoa Berrade monitoreek, Aspace fundazioak eta udan zendutako Ninoska Moral kazetariak jaso zituzten sariak.

Ezbeharrak gainditzeko jarreragatik “eredu”
“Gaztetasunaren Balioa sariak elkartasun eta esfortzu ibilbidea adierazi nahi du. Epaimahaiak Alex Mariñelarenari errekonozimendua egin nahi dio sari honekin, pilotu gazte hau borroka eta ezbeharrak gainditzeko jarreraren eredua baita, gaztetasunaren adibidea. Istripu larria izan zuen Paul Ricard Zirkuituan, eta ordutik Nafarroako gazteendako adibidea da, ezbeharrak gainditzeko grinagatik, amore ez emateagatik eta horrenbeste esfortzu egin ondoren lortutakoa berriro berreskuratzeko egiten duen borrokagatik. Alex, gazte guztiendako eta nafar guztiendako eredu zara. Zorionak ezbeharrak gainditzeko duzun grinagatik” adierazi zion Yolanda Barcinak Alex Mariñelarenari saria ematerakoan.

Eskertuta
Alex Mariñelarena oso eskertuta zegoen errekonozimenduarengatik. “Lehendabiziko hilabeteetan ez nintzen guztiz jabetzen bizi ari nintzen egoeraz, eta ez nion guztiz aurre egiten. Alta eman didatenetik, guztiz errekuperatzeko oraindik ere esfortzu gehiago egin behar dudala ikusi dut, interes gehiago jarri behar dudala eta errealista izan behar naizela. Gauzei buelta gehiegi ematen diet, lo egitea kosta egiten zait eta horregatik nigan konfiantza dutela ikustea, hau da, lehen egiten nuena egiteko errekuperatu ahal naizela uste izateak asko pozten nau” adierazi zuen irurtzundarrak.

Egun oraindik ere istripuaz osatzen dabil irurtzundarra. Sorbaldako indarra errekuperatzea eta oreka guztiz errekuperatzea falta zaio, baina gogor entrenatzen ari da, hurrengo urtean zirkuituetara bueltatzea baita bere asmoa, Espainiako Abiadura Txapelketan aritzea.