Magna Nafarroa Xota Espainiako Koparako sailkatu da

Guaixe 2014ko abe. 15a, 11:32

Uruguay Tenerife taldeari 4-1 irabazi zieten Imanol Arregiren mutilek

Magna Nafarroa Xotak lortu du helburua: martxoan Ciudad Realen jokatuko den Espainiako Koparako sailkatzea. Kopa Gabon aurretik ligan sailkatuta dauden lehen 8 taldek jokatuko dute eta Irurtzungo taldea 7. postuan dagoenez, Kopan ariko da. Imanol Arregiren aginduetara 10. aldiz ariko dira irurtzundarrak Kopan.

Koparako sailkatzeko Uruguay Teneriferen kontra irabaztera derrigortua zegoen Magna Nafarroa eta Irurtzungo taldeak 3 puntuak lortu zituen etxean jokatutako partida lehiatuan. 4-1 gailendu ziren Imanol Arregiren mutilak. Magnak hasieratik kontrolatu zuen partida. Hirugarren minuturako Tolràk Magna aurreratu zuen eta 7 minutu beranduago Carlitosek bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldia baino lehen txorkatila bihurritu eta kantxa utzi behar izan zuen Carlitosek. Bigarren zatian Magnak gol aukera ugari izan zituen baina markagailuan asmatzea kosta egin zitzaion. Tenerifek gol bat sartu eta gerturatu zen, baina Martilek eta Eseverrik ez zuten huts egin eta azkenean 4-1 irabazi zuen Magnak.

Sailkapen orokorrean Bartzelona da lider (37 puntu). Magna Nafarroa 7.a da (23 puntu), Koparako sailkatuta. Ostiralean sailkapenean bosgarrena den Jaen Paraiso Interior taldearen kontra jokatuko du Magnak, 21:00etan, Jaenen.