Magna Nafarroa Xotak etxeko lanak eginda despeditu du lehen mailako txapelketako lehendabiziko buelta. Ostiralean Jaenen kontra jokatutako partidan bina berdindu zuen Magnak. Irurtzundarrek 7. postuari eutsi diote eta martxoan jokatuko den Espainiako Koparako sailkatu dira.
Jaenen kontrako partidan gauzak ongi hasi ziren Magnarendako, bigarren minutuan Carlitosek taldea aurreratu baitzuen. Hortik aurrera Magnak gol aukera oso argiak izan zituen, baina ez zuen kontrako atean asmatu. Magnak agintzen zuen jokoan eta aukerak zituen, baina ez zuen errenta handitu. Jaenek eutsi egin zuen eta gutxinaka erantzuten hasi zen. Horrela, 11. Minutuan berdintzea lortu zuten. Hurrengo jokaldian Marc Tolrák 1-2 aurreratu zuen Magna eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Jaenek Magnaren atea bilatu zuen behin eta berriz. Gol aukera politak sortu zituzten andaluziarrek, eta nahiz eta Magnak ere arriskua sortu, azkenean Jaenek bina berdindu zuen. Partida kontrolatua izatetik berdintzera pasa ziren Imanol Arregiren mutilek.
Partida bukaeran Imanol Arregik nabarmendu zuen bereziki lehen zatian “Magnak jokoa gidatu zuela eta makina bat gol aukera sortu zituela”. “Partida ona egin dugu baina bigarren zatian Jaenek gehiago estutu digu” nabarmendu zuen teknikariak. Koparako sailkatuta egoteagatik pozik azaldu zen entrenatzailea.
Hurrenak: Santiago eta Rivera Navarra
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra, 39 punturekin. Magna 7.a da24 punturekin. Asteburu honetan ez da ligarik jokatuko. Ilbeltzaren 3an Magnak Santiagon jokatuko du, Santiago Futsalen kontra, eta ilbeltzaren 10ean bi talde nafarren arteko derbia jokatuko da Anaitasunan: Magnak Erriberako Aspil Vidal Rivera Navarra taldea hartuko du.