Derbia Magnarendako

Guaixe 2015ko urt. 12a, 08:50

Irurtzungo taldeak 5-2 irabazi zion Tuterako Aspil-Vidali eta 6. postura igo da

Ostiralean areto futboleko lehen mailan dabiltzan bi taldeen arteko derbia hartu zuen Anaitasunak, Magna Nafarroa Xota eta Aspil-Vidalen artekoa. Zalez bete zen Anaitasuna. Magnaren etxean lehen garaipena lortu nahi zuten Tuterakoak. Aldiz, etxean garaipena euren zaleei eskaini nahi zieten Magnakoek. Azkenean, zaleek girotutako partida lehiatu eta ikusgarrian, 5-2 gailendu ziren Imanol Arregiren mutilak.

Lehen zatian Aspil, bigarrenean Magna
Hasieratik erritmo bizia izan zuen lehiak. Lehen zatiko protagonista nagusia Aspil-Vidal izan zen. Erriberakoek goian presionatzen zuten, gol aukera bikainak sortuz. Hala ere, Magnak bere aukerak izan zituen. 14. minutuan Palmasek Aspil-Vidalen lehen gola sartu zuen, eta 3 minutu beranduago Andresitok penalti bikoitzari esker 0-2 aurreratu zuen Aspil-Vidal. Tuterako taldearen unerik garrantzitsuenak izan ziren. Baina Roberto Martilek Magnaren lehen gola sartzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen, distantziak murriztuz.
Magnak bigarren zatian lortu zuen egoerari buelta ematea. Hasieratik gol aukera apartak izan zituzten berdeek. Pablo Ibarrak bina berdintzea lortu zuen. Ondoren, Dani Saldisek baselinaz sartutako gol bati esker 3-2 aurreratu zuen Magna. Kontraeraso baten ondoren iritsi zen Jesulitoren gola, Magnaren laugarrena. Une horretan Aspil-Vidaleko entrenatzaile Pato Menak David atezain-jokalari postuan jarri zuen, baina taktikak ez zuen fruiturik eman, kontrakoa baizik, Roberto Martilek Irurtzungo taldearen bosgarren gola sartu baitzuen, Tuterakoen atea hutsik zegoela. Tuterakoek berriro partidan sartzeko aukera izan zuten, aldeko bi penalti bikoitz izan baitzituzten. Baina ez zuten asmatu eta Magnaren garaipenarekin despeditu zen lehia.

Kontentu
Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen. “Lehen zatian Aspil-Vidalekoek dominatu dute gehiago, eta bigarrenean gu hobeak izan gara” azaldu zuen Irurtzungo teknikariak partida bukatu eta gero. Atsedenaldia baino lehen gola sartzea “klabea” izan zela azpimarratu zuen teknikariak, “bigarren zatia beste modu batean abiatzea ahalbideratu digulako”.

Bi taldeak ez ziren arbitroen lanarekin konforme azaldu. 10 txartel atera zituzten guztira. Hori bai, zaleek emandako babesarekin eta sortutako giroarekin oso eskertuta azaldu ziren. “Etxean irabaztea oinarrizkoa da, eta are gehiago Aspil bezalako arerio zuzenarekin” zioen Roberto Martil jokalari irurtzundarrak. “Lehen zatian ez gara fin aritu baina bigarrenean hobetu dugu, golak iritsi diren arte. Salto handia eman dugu” gaineratu zuen Dani Saldise irurtzundarrak.

Hurrengo arerioa, Jumilla
Lehen mailako liderra Bartzelona da, 43 punturekin. Derbia irabazi eta gero, Magna Nafarroa Xota 6. postura igo da (30 puntu), hain zuzen ere Aspil-Vidali postua lapurtuz. Tuterakoak zazpigarrenak dira, puntu berberekin. Larunbatean 14. postuan dagoen Montesinos Jumillaren kontra jokatuko du Magnak, Murtziako Jumillan, 17:00etan.

Murga Magnara
Cadizeko Jesus Murga atzelariak Magnan jokatuko du denboraldi honetan. Inter Movistarreko jokalaria da 22 urte dituen Jesus Murga, eta Magnan utzita jokatuko du.

2014ko balorazio ona
Magna Nafarroa Xotako presidente Tatono Arregik 2004 urtea “bikaina” izan dela adierazi du. “Oraindik denboraldi honetako aurrekontua estaltzeko 40.000 euro lortzea falta zaigu eta lanean jarraitu behar dugu, baina gauden garaiak kontuan hartuta, kontentu egoteko moduan gaude” adierazi du irurtzundarrak.
Bestalde, Xota Fundazioak trailer bat esnez bete nahi du, Nafarroako Elikagai Bankuari emateko. “Oraindik donazioak falta dira eta jendeari bere aletxoa ematea deitzen diogu” gaineratu zuen. Horretarako, ondoko kontu korrontean egin daiteke ekarpena: 0075 4650 9807 0014 7840.