Jumillak Magnaren garaipen bolada eten egin zuen

Guaixe 2015ko urt. 19a, 08:55

Murtziako taldeak 6-4 irabazi zion Magnari

Azkeneko sei jardunaldiak irabazi eta gero, larunbatean Murtziako Jumillak 6-4 hartu zuen menpean Magna Nafarroa Xota, talde irurtzundarraren garaipen bolada bertan behera utziz. Hala ere, partida bikain hasi zuten Imanol Arregiren mutilek, 8. minuturako eta Jumillaren defentsa akatsak aprobetxatuz 0-2 aurreratu baitzen Magna, Jesulitoren eta Carlitosen golei esker. Baina tarte laburrean berdintzea lortu zuen Jumillak. Magna saiatu zen eta gol aukera asko izan zituen, baina Jumillako atezainak lan bikaina egin zuen eta atsedenaldira binako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatian Jumilla aurreratu zen. Jesulitok hirura berdintzea lortu zuen, eta partidaren erritmoa bizi-bizia zen. Minutu eskas batean Jumillako Aaronek bi gol sartu zituen eta nahiz eta Imanol Arregik Victor Arevalo atezain-jokalari moduan jarri eta Magnakoak behin eta berriz saiatu, Irurtzungoek ezin izan zioten partidari buelta eman. Jesulitok 5-4 gerturatzea lortu zuen baina Jumillak seigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida.

Imanol Arregi haserre azaldu zen partida galdu izanagatik. “Ongi hasi gara, 0-2 aurreratuz, baina lehen zatiko azken 10 minutuak kaka hutsa izan dira. Taldeak baloi asko galdu ditu, tarteka ez da fin ibili, eta nahiz eta hirura berdindu ondoren atzera ere partidan sartu, barre emateko moduko gola sartu digute” azaldu zuen partida bukaeran.

Inter Movistar hartuko dute ostiralean
Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra, 46 punturekin. Galdu ondoren seigarren postua galdu du Magnak eta orain 7.a da, 30 punturekin. Asteburuan partida konplikatua du Magnak, ostiralean sailkapenean 45 punturekin hirugarrena den Inter Movistar taldea hartuko baitu Iruñeko Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Inter talde ahaltsua da, lehen mailako oilarretako bat, baina espero dezagun etxean jokatzeak Magnari hegalak ematea eta irurtzundarrak garaipenaren bidera itzultzea.