Inter Movistar Magnaren gainetik pasatu zen

Guaixe 2015ko urt. 26a, 11:03

Madrildarrek 0-9 irabazi zieten irurtzundarrei

Atila eta hunoak bezala. Inter Movistar bere zalditeria guztiarekin Iruñera etorri, 3.000 zalez betea zegoen Anaitasuna Pabilioira atera eta Magna Nafarroa Xota taldearen gainetik pasa zen, 0-9 irabazita. Porrot gogor eta mingarria jaso zuten Imanol Arregiren mutilek. Interrek ez zion inolako aukerarik eman Magnari, eta Interren Richardinho, Rafael edo Cardinal izarren kalitateak min handia egin zien irurtzundarrei.

Partida hasieran Magnak beldurrik gabe jokatu zuen, erasoan, eta defentsan ere serio aritu zen. Gainera, gol aukera politak izan zituen, tartean Carlitosek Interren zurtoinera bidalitako bi. Baina Interrek kontraeraso bat probestu zuen Rivillosek talde madrildarraren lehen gola egiteko. Atsedenaldira joan baino beste bi gol sartzeko astia izan zuen Interrek. Bigarren zatian Inter Magnaren gainetik pasatu zen. Xotak ahal zuen moduan agoantatzen zituen Interren erasoak eta guztia okerrera joan zen arbitroak Jesulito aldageletara bidali zuenean, arbitroari protesta egiteagatik. Horrela, golak bata bestearen atzetik iritsi ziren eta 0-9 gailendu ziren Madrilgo oilarrak.

Imanol Arregik partida bukaeran azpimarratu zuenez “burua altxatzea, lan egitea eta ikastea, ez dago besterik”. Partida hasieran taldeak izan zuen jarrera nabarmendu zuen “ia eurak baino hobe egon baikara”, baina bigarren zatian “oso gaizki lehiatu zirela” nabarmendu zuen. Jesulitoren kanporaketaz ez zuela hitzik esan nahi azaldu zuen “jende horrekin oso errea nagoelako”.

Eta hurrena, liderra
Bartzelona da areto futboleko lehen mailako liderra (49 puntu), puntu eskas batera El Pozo Murcia duela (48 p.). Magna Nafarroa 7.a da (30 p.). Eta hain zuzen ere liderraren kontra jokatuko du Magnak larunbatean, 13:00etan, Bartzelonan. Interren kontrako lehia konplikatua izan bazen, Bartzelonaren kontrakoa ez da gutxiago ere izanen, Bartzelonak eta El Pozo Murciak lidergoa baitute jokoan. Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, burua altxatzea, ez zaio besterik gelditzen Magnari eta ea Magnak Bartzelonatik puntutxoren bat ekartzeko adorea duen.