Bartzelona liderraren kontra ezin

Guaixe 2015ko ots. 2a, 13:20

Magnak 6-2 galdu zuen liderraren kontra eta orain ostiralean Burelaren kontrako partida prestatzen buru-belarri daude irurtzundarrak

Magna Nafarroa Xotak ezin izan zion Bartzelona liderrari sorpresa eman. Bartzelona jaun eta jabe izan zen, bereziki partidaren bigarren zatian, eta 6-2 nagusitu zen. Hala ere, Imanol Arregiren mutilek aurpegia eman zuten uneoro. Bartzelonaren kalitateak erabaki zuen.

Bi baja garrantzitsurekin ekin zion partidari Magnak: Jesulito partida baterako santzionatua zegoen eta Murga bajan. Wildek Bartzelona aurreratu zuen. Carlitosek berdintzeko aukera izan zuen, baina Bartzelonako atezainak geldialdi bikaina egin zuen. Bartzelonak bigarrena sartu zuen baina Magnak ez zuen behera egin eta Ibarrak 2-1 hurbildu zuen Irurtzungo taldea. Xotak berdintzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu, eta Bartzelonako Lin izan zen zortea alde izan zuena. Horrela, 3-1eko markagailuarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatian Bartzelona nagusi izan zen. Berehala Gabrielek 4-1 ezarri zuen markagailuan. Berehala Arik Bartzelonaren bosgarrena sartu zuen eta horrek hankaz gora jarri zuen Magna. Hala ere, irurtzundarrek saiatzen jarraitu zuten eta Carlitosek Magnaren bigarren gola sartu zuen. Atezain-jokalari formularekin dena arriskatu zuen Magnak, baina kontraeraso batean seigarren gola sartu zuen Bartzelonak eta horrela despeditu zen partida (6-2). “Nahiz eta kontrako markagailua izan, taldeak aurpegia eman du uneoro, ez dugu burua makurtu eta baloi guztiak borrokatu ditugu. Ez dugu partida txarra egin, baina Bartzelonaren kontra akatsak oso garesti ordaintzen dira” azaldu zuen Magnako entrenatzaile Imanol Arregik.

Hurrengo arerioa: Burela
Bartzelona da liderra (52 puntu), El Pozo Murciari eta Inter Movistarri puntu bakarra atereaz. Magna Nafarroa 8.a da, 30 punturekin. Ostiralean Magnak 26 punturekin 9.a den Burela hartuko du Anaitasuna pabilioian. Arerio zuzenen arteko partida da eta ea Magnak konfiantza berreskuratu eta hiru puntuak lortzen dituen.