Magna Nafarroa Xotak garaipena eskura izan zuen Peñiscolan. 1-3 aurreratuta ere egon ziren Imanol Arregiren mutilek, eta ia partida guztia aurretik egon ondoren, partida bukaeran laura berdintzea lortu zuen Peñiscolak. Hortaz, zapore tristea zuen berdinketarekin itzuli ziren etxera Magnakoak.
Lehen zatian Magna nagusitu zen. Tolrác eta Pablo Ibarrak 0-2 aurreratu zuten Magna 7. minuturako. Peñiscola saiatu zen, baina Raulek geldialdi bikainak egin zituen. Bigarren zatian Peñiscola garaipena lortzera atera zen eta Magnak defentsan aritu behar izan zuen. Javi Alonsok Peñiscola 1-2 gerturatu zuen markagailuan, baina irurtzundarrek ongi eutsi zioten egoerari eta gutxinaka baloiaren jabetza bereganatu zuten. Eseverrik 1-3 aurreratu zuen Magna. Baina 5 minuturen faltan Peñiscolak atezain-jokalari formula erabili zuen eta ongi atera zitzaion, 2-3 gerturatu baitziren. Hala ere, Carlitosek 2-4 aurreratu zuen Magna. Baina azken unean Constantinok eta Asensiok laura berdintzea lortu zuten eta garaipenak ihes egin zion Magnari.
“Bi puntu alferrik joaten utzi ditugu, partida kontrolatua genuelako. Bukaeran ez dugu ongi defendatu. Emaitza injustua da” zioen Imanol Arregik partida bukaeran.
Orain Palmaren kontra
Inter Movistar da liderra (57 puntu). Magna Nafarroa 7.a da (34 puntu). Ostiralean Magna Nafarroak bere gainean, 6. postuan dagoen Palma Futsal taldea hartuko du Iruñeko Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Bi arerio zuzenen arteko norgehiagoka izanen da eta ea Magnak distantziak laburtzea lortzen duen.