Hamazazpi urteko musika ibilbidea egin du musikari zornozarrak. Mikel Urdangarin, jendaurrean, beti ibili da taldea lagunduta. Baina otsailetik maiatzera bitarteko 21 kontzertuko biran bakar-bakarrik ariko da eszenatokian. Baita Irurtzunen ere. Bakarka, “agian gitarrarekin dudan harremana hobetu delako, lagun bihurtu delako”. Urdangarinek biraren aurkezpenean adierazi zuen erronka handia zela bira.
Disko berrirako sortu dituen hainbat kantu aurkeztuko ditu jendaurrean. Etxeko sukaldean, bakardadean, sortutako kantuak bere horretan eman nahi ditu musikariak, gitarraren laguntza soilarekin. Kantu batzuk “bukatu gabe bezala” egonen dira, urte akaberan argitaratuko duen diskorako lantzen ari baita. Beraz, entzuleek Urdangarinen sortze prozesua ezagutzeko aukera ere izanen dute. Bi urteko lanaren emaitza izanen da oholtzakoa, gero disko bihurtuta jasoko duguna. Baina abesti zaharren moldaketa biluziak ere eskainiko ditu.