Zaragozaren kontra galdu zuen Magnak

Guaixe 2015ko mar. 9a, 12:35
D-Link Zaragoza taldearen kontrako partidako une bat.

Sailkapenean 7.a da Magna. Asteburuan Espainiako Kopa jokatuko dute irurtzundarrek

Ostiralean Zaragozan jokatu zuen Magna Nafarroa Xotak, D-Link Zaragozaren kontra. Serio atera ziren kantxara Imanol Arregiren mutilak, defentsan sendo eta bandak bilaten. Horrela, lehen minutuan Jesulitok Magnaren lehen gola sartu zuen. Hortik aurrera bi taldeak gola sartzen saiatu ziren. Atsedenaldiaren ondoren berdintzea lortu zuen D-Linkek, baina Magnak ongi erantzun zuen eta David Ruizek eta Marc Tolràk 1-3 aurreratu zuten Irurtzungo taldea. Arbitroek D-Link taldearen aldeko penalty zalantzagarri bat seinaleztatu zuten. Zaragozakoek ez zuten huts egin eta atzera ere partidan sartu ziren. Finalerako 7 minuturen faltan hirura berdintzea lortu zuen Zaragozak eta hortik aurrera eromena iritsi zen. Tarte laburrean Zaragozak beste bi gol sartu zituen, 5-3 aurreratuz, eta nahiz eta Roberto Martilek Magnaren laugarrena sartu, markagailua ez zen gehiago mugitu eta nahiz eta Magnak gehiago merezi izan, 5-4 galduta itzuli ziren etxera.

Imanol Arregi oso kritiko azaldu zen arbitroekin. “Erabakigarriak izan dira. Partida kontrolatuta genuenean penaltia izan ez den penaltia seinaleztatu digute eta Zaragoza partidan sartu dute. Eta guri egin diguten penalty bat ez dute seinaleztatu. Baina hau horrela da, okertu egin dira eta gu, gainera, bukaeran ez gara fin ibili” adierazi zuen entrenatzaileak.

Bartzelona da liderra (65 puntu). Magna Nafarroa 7.a da, 40 punturekin. Asteburuan ligak etena izango du, Espainiako Kopa jokatuko baita Ciudad Realen.