Olias irurtzundarra Espainiako Txapelketara

Guaixe 2015ko mar. 26a, 11:47

TID babesle berriari esker 2 urte ondoren Espainiako Abiadura Txapelketan ariko da

Motoziklismoaren mundua gogorra da. Hori azpimarratzen du Juan Mari Olias pilotuak (1988, Irurtzun). Ez bakarrik pilotu ona izan behar zarelako, babesle garrantzitsuak behar direlako baizik. Bi urte ondoren, Espainiako Abiadura Txapelketan ariko da irurtzundarra, babesle berria lortu duelako, TID enpresa.

Minimotoekin hasi zen lehian Olias. Gero scooter mailara igo zen, supermotard kategorian ibili zen eta 2010ean abiaduran debuta egin zuen, Sotck 600 mailan. Espainiako Abiadura Txapelketan aritu zen, baina babeslerik gabe geratu zenez, utzi egin behar izan zuen. Ordutik izugarri egin du lan, fisikoki prestatu da eta motorrarekin gogor entrenatu du. Azkenean, zortea izan du eta babesle berria lortu du, TID. Horri esker, 2 urte ondoren Espainiako Abiadura Txapelketan ariko da berriz, Superstock 1000 mailan. Lehen lasterketa asteburuan du, Albaceten.

Juan Mari Oliasen taldea, Olias Racing Team, Juan Mariren senitartekoek osatzen dute:  berak, Juan Carlos bere aitak, Estibaliz arrebak eta Rosa Maria amak. Horretaz gain, lagunen laguntza dute. TID babesleari esker Espainiako Abiadura Txapelketara bueltatu da berriro. Albaceten, Jerezen, Alcarrasen, Alcañizko Motorland Aragónen, Valentzian eta Los Arcosen lehiatuko da Olias, Superstock 1000 mailan. 18 pilotu lehiatuko dira bertan. Oliasek errealista izan nahi du eta argi du lehen lasterketetan helburua txapelketari egokitzea eta erritmoa hartzea izango dela, baita gainontzeko pilotuak ezagutzea ere. Horrela, hasieran erdiko postuetan sailkatzea espero du irurtzundarrak. Lasterketa erditik aurrera, berriz, hobeto aritzea espero du, zirkuitu horiek hobeto ezagutzen dituelako.

Larunbatean, 9:00etan, kronometratutako lehen entrenamendua izango du, eta 13:25ean bigarrena. Lasterketei dagokienez, larunbatean, 17:40ean lehen lasterketa izango du (15 itzuli) eta igandean, 14:00etan, bigarrena (15 itzuli).

www.rfme.com
Txapelketako informazio guztia.