El Pozo indartsua hartuko du Magnak

Guaixe 2015ko mar. 27a, 10:07

Larunbatean, 20:00etan, Anaitasunan (Teledeporte)

Espainiako Kopa jokatu eta gero, aurreko asteburuan Lehen Mailako Areto Futbolak atsedenaldia hartu zuen. Asteburu honetan txapelketa indarberrituta bueltatuko da, 26. jardunaldia baitago jokoan. Magna Nafarroa Xotak sailkapenean hirugarrena den El Pozo Murcia talde ahaltsua hartuko du larunbatean, 20:00etan, Iruñeko Anaitasuna pabiloian. Teledeportek zuzenean eskainiko du ikusgarria izatea espero den partida.

Sailkapenean Bartzelona da lider (65 puntu), puntu batera Inter Movistar eta 5 puntura El Pozo Murcia dituela. Magna Nafarroa 7.a da, 40 punturekin. Peñiscola 3 puntura eta Burela 10 puntura dituela. Liga despeditzeko 5 jardunaldi falta dira, eta liga lider bukatzeko aukerak izan nahi baditu, irabaztera derrigortuta dago El Pozo. Bestalde, Magnaren helburua liga lehen 8 postuetan despeditzea da, titulua erabakitzeko play-offetarako sailkatu ahal izateko. Hortaz, bi taldeak irabaztera aterako dira eta lehia estua espero da. Gainera, El Pozo ligako oilarretako bat da eta oilarren artean beti aurpegia erakusten dute Imanol Arregiren mutilek.