Magnaren gol festa

Guaixe 2015ko api. 13a, 14:25

Irurtzungo taldeak 7-0 irabazi zion Prone Lugori

Imanol Arregiren mutilek garaipen erosoa lortu zuten dagoeneko mailaz jaitsi den Prone Lugoren kontra. Magnak partida serioa jokatu zuen eta Prone Lugok apenas urduritu zuen talde berdea. Hasieratik gailentzen hasi ziren irurtzundarrak. Imanol Arregik minutu gutxien jokatzen duten jokalariei aukera eman zien, eta hauek erantzun bikaina eman zuten, golak bata bestearen atzetik etorri baitziren.

Horrela, Roberto Martilek hasierako bi golak sartu zituen, Javi Saldisek hirugarrena lortu zuen eta ondoren Marc Tolrá izan zen Lugoren taldean asmatu zuena. Bigarren zatian, Lugoko Jose Lopezek bere atean gola sartu zuen, Javi Saldisek bere bigarren gola sartu zuen eta Mariok, penaltiz, taldearen zazpigarren gola sartu zuen. Bere buruari omenaldi polita egin zion Magnak, eta Lugoko jokalariak txalo artean despeditu zituzten.

Kontentu
“Partida oso erosoa izan da. Taldeak serio jokatu du partida guztian eta alde horretatik pozik nago. Ez dugu tontakeriarik egin eta Lugo ahalik eta gehien errespetatzen saiatu gara, merezi duelako” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Irurtzundarrak gaineratu zuen partidako beste helburua horrenbeste minutu ez dituzten jokalariei aukera ematea zela, eta jokalari ez ohikoen errendimendua ona izan zela. “Imanoli erakutsi diogu gainontzekoek bezala borrokatu dezakegula, hortaz, kontentu nago” adierazi zuen Javi Saldisek.

Inter Movistar da lehen mailako liderra (76 puntu). Magna Nafarroa Xota 7.a da (46 puntu), titulua erabakiko den play-off postuen barruan. Ostiralean, sailkapenean 15.a den Uruguay Teneriferen kontra jokatuko du Magnak, 21:30ean.