Eseverriri omenaldi beroa

Guaixe 2015ko mai. 6a, 12:12

Ostiralean Magnako kapitainak bere 600. partida jokatuko du talde berdearekin eta atzo omenaldi beroa jaso zuen Otsagiko jokalariak

Javi Eseverri aurten bere 20. denboraldia jokatzen ari da Xota klubean. Talde berdearekin bere 600. partida jokatuko du otsagiarrak ostiralean, play-offetako final laurdeneko joaneko partida, El Pozoren kontra. Data berezia gertu dagoela, Xotak omenaldi beroa egin zion atzo Javi Eseverriri, Virgen del Camino zentroan.

Ekitaldian Xota Kirol Klubeko jokalari guztiak, teknikariak, jokalari ohiak, Eseverriren senitarteko eta lagunak eta komunikabideak bildu ziren. Eseverriren ibilbideari buruzko bideoa eskaini zuten lehenik, eta gero Xotako presidente Tatono Arregik hartu zuen hitza, kapitainaren ibilbidea goratuz. Imanol Arregik gogoratu zuen hasieran Eseverri taldekide izan zuela, Arregi atezaina zenean, eta azken 14 denboraldietan bere teknikaria izan dela. Hitz politak izan zituen Eseverrirendako.

Eseverrik makina bat oroigarri eta opari jaso zituen, bere kamiseta, 600 zenbakiarekin, tartean. Eseverrik, emozionatuta, esker oneko hitzak izan zituen guztiendako.