Sakanako Ibilaldia, dena prest

Guaixe 2015ko mai. 8a, 13:30

Iratxo elkarteak antolatutako 26. Sakanako Ibilaldirako bi aukera daude: Ibilaldi luzea, ohiko norantzan (54 km) edo Ibilbide Motza (27,5 km). Larunbatean izanen da, goizeko 6:00etan luzekoak eta 7:30ean motzekoak

Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako Ibilaldia mendizaleek gorriz markatuta izaten duten ibilaldia da. 26. edizioa izanen du aurten, eta maiatzaren 9an izanen da. “Lehen beti apirilaren azkeneko asteburuan egiten genuen, baina aurten maiatzaren 9a libre zegoen, Tafallako martxa ez dutelako eginen. Data atzeratzea erabaki genuen, eguraldi hobea egingo duen esperoan, azkeneko edizioetan eguraldi oso txarra izan dugulako” adierazi digu Sakanako Ibilaldiko arima nagusia den Pello Alzuetak.

Sakanako Ibilaldia faktore askorengatik da berezia. Euskal Herriko erdigune geografikotik pasatzen da (Olibesarioko saroian, San Donatotik gertu), Sakanako mendi eta paraje zoragarrietatik ibiltzeko aukera eskaintzen du, Beriain eta Aralar tartean, eta Nafarroako ibilbiderik luzeena, gogorrena eta zaharrena da. Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuituan sartua dago.

Aurreko urtean, 25. edizioan, Ibilbide Luzea atzekoz aurrera eginen zuten, hau da, Trinitaterantz abiatu ziren lehenbizi Txurregira joan ordez. Baina aurten ohiko ibilbidea berreskuratuko dute. “Mendizaleek aipatu ziguten ohiko norabidea nahiago dutela, hau da, Txurregitik abiatu, Beriain igo, jaitsi eta ondoren Aralarreko San Migelera igo, Aralar zeharkatu eta Trinitatea azkenerako utziz. Eta guk kasu egin diegu” adierazi digu Iratxoko Doris Vicentek. Vicentek gaineratu duenez, Ibilaldi Motzaren ibilbidea berria izango da. “Gure helburua ingurunean dauden ibilbide laburrak ezagutaraztea da”.

Alzuetak eta Vicentek aurkeztu zuten aurtengo 26. Sakanako Ibilaldia, Rural Kutxa babesle nagusiko Irurtzungo bulegoko arduradun Sara Garciarekin batera. “Sakanako Ibilaldia oso ezaguna da Irurtzunen eta ingurunean eta halako ekitaldiak babestu behar direla uste dugu” nabarmendu zuen Garciak. Halaber, probak dituen beste babesle guztiei eskerrak eman zizkieten antolatzaileek, “ibilaldia antolatzea ahalbideratzen digutelako”.

Zerbitzu guztiak
Ibilbide Luzean parte hartuko dutenak 6:00etan abiatuko dira, Atakondoa pilotalekutik, eta Ibilbide Motzean ariko direnak 7:30ean, toki beretik. Gutxi gorabehera, ibilbide handia egiteko 10-11 ordu luze inguru behar izaten dira, bigarrena, ordea, sei orduren bueltan amaitu daiteke. Ibilbidea korrikan egingo duenik egongo da, baina kontrol guneen ordutegia errespetatu beharko dute, mendi ibilaldia baita Sakanakoa, ez mendi lasterketa.

Bi ibilbideetan horniketarako guneak izango dira. Ildo honetan, birziklapenean ahalegin berezia egin nahi du antolakuntzak. Organikoak, paperak, ontzi arinak eta errefusa aparte bilduko dituzte, eta edalontziekin nola jokatu aztertzen ari dira. “Plastikozko 6.000 edalontzi inguru gastatzen ditugu eta hori gehiegizkoa da. Ea hau ekiditeko beste sistemaren bat jartzea lortzen dugun” nabarmendu zuten.

Izena ematea bihar
Eguraldiak laguntzen badu antolakuntzak 800 mendizale inguru espero ditu. Aurreko urtean 1003 izan ziren, baina data berezia zen eta geroz eta mendi lasterketa eta proba gehiago daude. Aurretik izena emateko epea itxita dago, baina bestela, bihar, larunbatean, egunean bertan, goizeko 5:00etatik 6:00etara izena eman dezakete Ibilbide Luzekoek eta goizeko 6:00etatik 730era Ibilbide Motzekoek (15 euro, langabeek 5)” azaldu dute. Bezperan etortzen direnek lo egiteko aukera izango dute Atakondoa ikastetxeko gimnasioan.

Ibilbidea bukatzen dutenek diploma jasoko dute, eta kamiseta beharrean, aurten Lorpen etxeko galtzerdiak. “Oso preziatuak dira mendizaleendako eta opari hori egin nahi diegu” azaldu dute. Gainera, mendiko materiala zozketatuko da.

50 antolatzailetik gora
Ibilaldi handiaren egunean bertan herritar andana ariko da laguntzaile lanetan, 50 lagun baino gehiago. Bi ibilbideetan horniketarako guneak izanen dira  eta Irurtzungo kiroldegian dutxarako aukera zein masajeak jasotzeko aukera ere izanen dute. Pello Alzuetak aipatu zuenez, aurten Euskal Herriko Mendi Ibilbideen Zirkuituan dauden ibilbideak baloratzeko aukera izango dute mendizaleek, Sakanako Ibilaldia barne. “Horrek hurrengo edizioei begira zer hobetu beharko den argituko digu”.

www.iratxoelkartea.com
Probako informazio guzti-guztia eta izena ematea.


Sakanako Ibilaldia: Ibilbide luzea (54 km. 3388 m desnibela)
6:00etan abiatuta: Irurtzun - Urritzola - Gazteluko Lepoa - Txurregi - Iturria (hornidura) - Euskal Herriko Erdigunea (Olibesarioko saroian, N.42º52´59´´.W.1º56´08 koordenada geografikoan) - Uharteko Ataka - San Donato (kontrola) - Aritza - Uharte Arakil (kontrola+hornidura) - San Migel santutegia (kontrola+hornidura) – Ata-– Madotz (kontrola +hornidura) - Larrazpil - Goldaratz – Latasa (hornidura) -Trinitatea - Irurtzun (kontrola+hornidura).

Sakanako Ibilaldia: Ibilbide Motza (27,6 km. 1300 m desnibela)
7:30ean abiatuta: Irurtzun - Urritzola - Gaztelu - Ekai (kontrola+hornidura) - Etxarren - Itxasperri - Usategiak - Goldaratz – Latasa (kontrola+hornidura) –Arrantzaleen ibilbidea - Irurtzun (kontrola+hornidura).