Goazen Irurtzunen kirola euskaraz egitera!

Guaixe 2015ko mai. 29a, 13:44
Spinninga Irurtzungo plazara aterako dute.

Aizpea Euskaltzaleon Topaguneak Kirola Euskaraz ekimena antolatu du bihar, larunbatean, 12:00etatik 14:00etara. Spinning, kirol entrenamendua, eskalada eta zirkoa eskainiko dituzte, euskaraz

Kirolaren munduan euskara entzuten da, baina onartu beharra dago gaztelera dela kirol bat eskaintzeko orduan erabiltzen den hizkuntzarik ohikoena. Kirolak euskaraz egin ahal direla erakusteko, Irurtzungo Aizpea Euskaltzaleon Topaguneak Kirola Euskaraz ekimena antolatu du bihar, larunbat goizean, Irurtzungo Trinitateko festak direla aprobetxatuta. Irurtzungo Foruen plazan, 12:00etatik 14:00ak bitartean, haurrek, helduek eta gazteek kirolean murgiltzeko aukera izango dute, hori bai, euskaraz.

Irurtzungo Foru Plaza gimnasio erraldoia bilakatuko da. Helduendako eta gazteendako spinning eta kirol entrenamendua antolatu dituzte, eta 16 urtetik beherakoendako eskalada eta zirkoa. “Hori bai, euskaraz. Anima zaitezte, ilobekin, seme-alabekin, lagunekin, zu zeu… kirola egin euskaraz” adierazi dute Aizpeatik.