Powerade Non Stop Bartzelona-Donostia proba Irurtzundik pasako da

Guaixe 2015ko eka. 6a, 10:00

Irurtzun hornidura guneetako bat izango da

Gaur, ostiralean, 20:00etan Bartzelonako Montjuïceko estadio olinpikotik mendi bizikletarekin abiatuta, igandean Donostiako Anoetarara heltzea jarri du helmuga Powerade MTB Non Stop Series Bartzelona-Donostia lasterketak (753 km). Txirrindulariek distantzia hau 50 ordu baino gutxiagotan osatu beharko dute, igandeko gaueko hamarrak baino lehen.
211 bikerrek hartuko dute irteera eta distantzia ahalik eta denbora gutxienean osatzea dute helburu. Horietatik 21 txirrindularik bakarrik osatuko dute ibilbidea, inolako erreleborik gabe gainera, eta horretaz gain 83 talde osatu dira, tartean 2 kideetako 19 talde, 3 kideetako 20 eta 4 kideetako 23. Garaipena lortzeko faboritoak, Donostian larunbat gauerdirako egon ahal direnak, Powerade Non Stop Madrid Lisboa irabazi berri duten MMR-Powerade-Garmin taldeko kideak dira, Ibon Zugasti, Julen Zubero, vidal Celis eta Joseba Albizu. Baita ere TEK taldeko Jose Luis Gomez, Javier Comin eta Oriol Colome eta Titan Desert irabazi berri duen Diego Tamayo.

Hornidura guneetako bat Irurtzunen
Ibilbidean paraje zoragarriak gaindituko dituzte, Montserrat, Monegros, Bardeak, Jaizkibel eta Donostia. Ibilbidean barna hainbat hidratazio edo hornidura gune izango dituzte. Horietako bat Irurtzunen egonen da, Irurtzungo Foru plazan. Probako antolatzaileek prestatuko dute gunea, baina Irurtzunen boluntarioak eskatu dituzte hidratazio gunea behar bezala prestatzeko. Lehendabiziko partaideak larunbat gauean pasako direla aurreikusten da, 21:00etik aurrera.