D’Capricho taldeak Kubako doinuak ekarriko dizkigu

Guaixe 2015ko uzt. 3a, 10:33

Igandean, 20:00etan, Irurtzungo igerilekuan Kubako erritmo oparotasuna eta kantu ezagunen interpretazio berritzaileak eskainiko dituzte.

Habanako Danieuris eta Daniellis Moya Ávila ahizpek osatzen dute D’Capricho taldea. Euskal Herrian barna egiten ari diren biran Son en sus poemas izenburuko diskoa aurkezten ari dira. Eliseo Diego eta Fina García Marruzen poesia musikatuak biltzen dituzte lan horretan. Hori da euren berezitasunetako bat, irlako poeta handien testuak  habanera, danozna, boleroa, sona, cha-cha-cha, feelinga edota fusioaren bidez ematea. Urteetan besteen piezak eskaini ondoren, berriki eurek konposatutako sorkuntzak eskaintzen hasi dira.

Bi ahizpak Euskal Herriarekin harremana dute. 2010ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ongi etorri Pupu eta Lore diskoko bost kantetan parte hartu zuten. Euren errepertorioan Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Xabier Lete, Jon Gerediaga eta Miren Agur Meabe sortzaile euskaldunen abestiak daude. Eta euren hurrengo diskoa prestatzen hasiak dira. Euskarazko 10 kantuk osatuko dute eta tartean Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Arrate Mardarasen letrak izanen ditu besteak beste.