Magna Gurpea Xota, aldaketez beteta

Guaixe 2015ko ira. 1a, 10:30

Araça eta Usin itzuli dira taldera eta talde berdeak Yoshikawa jokalari japoniarra fitxatu du. Saldise Zamoran ariko da, utzita

Ilusio eta mimo handiz prestatzen ari da 2015-2016 denboraldia Magna Gurpea Xota. Taldean aldaketa nabariak izango dira: Araça eta Usin bueltatuko dira eta lehenengo aldi jokalari japoniar bat izango du taldeak: Timoko Yoshikawa. Japoniarra urte batez arituko da talde berdean, utzita.

Yoshikawa martxoan Xotan aritu zen entrenatzen eta orain urte batez ariko da Magna Gurpean, utzita. Nagoya Oceans taldetik dator japoniarra eta bere azken bi entrenatzaileak Migel Rodrigo eta Victor Acosta izan dira. Bere taldeak helburu berriak ditu eta horregatik ariko da Yoshikawa Magnan trebatzen. Bere helburua “hobetea eta maila igotzea da”. Japoniarrak azaldu duenez, “erresistentzia, abiadura eta lana eskaini nahi dizkiot talde honi, eta talde honengatik dena emango du”.

Ostiralean Zaragozaren kontra
Aurre denboraldian murgilduta dabil Magna Gurpea eta kontentu daude taldeak emandako mailarekin. Lehen partidan bina berdindu zuten Magnak eta Zierbenak eta bigarren partidan bina berdindu zuten Aspil Vidalek eta talde berdeeak. Horretaz gain, Peñiscolaren kontrako bi partidak irabazi ditu Magna Gurpeak, 4 eta 3 eta 1 eta 4,  Peñiscola FS taldearen kontra. Aurre denboraldiko aken lehian, D-Link Zaragoza izango du aurkari Magna Gurpeak ostiralean, Zaragozan.

Bazkide kanpaina martxan
2015-2016 denboraldirako 1.500 bazkide izatea nahiko luke Magna Gurpea Xotak. Dagoeneko abian dago bazkideak erakartzeko kanpaina, “Magnetismo verde” lelopean. Helduek 50 euro ordaindu beharko dute abonoaren truke, gazteek (11-18 urte) 25 euro, langabetuek 25 euro eta 10 urte arteko haurrak dohain sartuko dira, beti ere heldu baten laguntzarekin. Bestalde, famili abonoa dago, 80 eurotan (2 heldu eta 2 seme-alaba txiki). Abonuak klubaren Iruñeko bulegoan jaso daitezke (Ermitagaña kalea, 11) edo Irurtzungo bulegoan (12:00etatik 14:00etara).

Javi Saldise Zamorara
Magna Gurpea taldeko Javi Saldise jokalari irurtzundarrak bigarren mailako Zaragoza taldean jokatuko du 2015-2016 denboraldian, urte baterako utzita. 22 minutuko gazteak minutu gehiago jokatu nahi ditu. Usin Magna-Gurpeara bueltatu denetik, Saldisek zailagoa izanen du hori, eta horregatik hurrengo denboraldian Zaragozako taldean progresioa egitea du helburu irurtzundarrak. Saldise ibilbide berrian murgiltzeko “urduri baina irrikitan” dago. Bere helburua ikastea eta jokatzea da, hurrengo denboraldian Magna Gurpeara indartuta eta sasoian bueltatzeko.

Jokalariek greba deitu dute ligako lehen lau jardunaldietarako
Areto Futboleko Jokalarien Elkarteak greba deitu dute ligako hasierako lau jardunaldietarako, irailaren 11tik urriaren 3ra bitartean. Jokalariek eskatzen dutena da lan hitzarmen bat sinatzea, klubek jokalariei euren soldatak ordaintzen dizkietela bermatzeko. Magna Gurpea Xotan ez dago arazo hori, baina hainbat klubetan bai. Talde berdeko Tatono Arregi presidenteak uste du ongi dagoela jokalariek euren eskubideak eskatzea. “Hau ez da futbola eta ez da modu berean kobratzen. Horregatik jokalariendako gutxienez gutxieneko soldata eskatu behar da” adierazi du. Klub guztiek jokalarien eskakizunei elkartasuna adierazi beharko litzaiekeela uste du irurtzundarrak, baina pentsatzen du azkenean ez dela grebarik egongo.