Magna Gurpea bosgarren postura igo da

Guaixe 2015ko urr. 26a, 13:25

Talde berdeak 4 eta 1 irabazi zion D-Link Zaragozari

Azken jardunaldietan gauzak bikain doazkio Magna Gurpea Xotari. Talde berdeak garaipen garrantzitsua lortu zuen D-Link Zaragozaren kontra eta azken hiru partidak irabazi izanagatik lehen mailako sailkapenean bosgarren postura igotzea eta arerio zuzenekiko tartea zabaltzea lortu du. Horrek asteburuan El Pozo Murcia talde boteretsuaren kontra aritzeko adorea emango dio Magna Gurpeari.
 
Zaragozako defentsa bikaina apurtzeko lan bikaina egin zuten Imanol Arregiren mutilek. Kosta egin zitzaien, baina lortu zuten. Xotak hasieratik arriskua sortu zuen, baina Zaragozako atezainak aukera guztiak zapuztu zituen. Baina Eseverrik lehen gola sartzea lortu zuen. Horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian gol gehiago sartzeko ahaleginetan hasi ziren berdeak, hasieratik. Victorrek bigarrena sartu zuen, Dani Saldisek hirugarrena eta Rafa Usinek laugarrena. D-Link Zaragozak markagailuan gerturatzea lortu zuen, Jose Carlosek sartutako golari esker, baina partida 4 eta 1 irabazita despeditu zuten Magna Gurpeakoek.

Imanol Arregi garaipenagatik kontentu azaldu zen. “Merezitako garaipena izan da, justua” nabarmendu zuen. “Partida praktikoa jokatu dugu. Euren defentsa erasotzeko bizi egon behar da eta garaipen hau justua eta oso garrantzitsua da guretzat” gaineratu zuen entrenatzaileak.

Hurrengo arerioa El Pozo Murcia
Sailkapenean Inter Movistar da liderra (21 puntu). Magna Gurpea 5. postura igo da (13 puntu). Ostiralean, 21:00etan, sailkapenean hirugarrena den El Pozo Murcia izango du aurkari Magna Gurpeak, Murtzian jokatuko den lehian. “Partida polita izango da. Eurak dira faboritoak, baina gu lehiatzera aterako gara” adierazi du Imanol Arregik.