Berriro garaipenaren xendara

Guaixe 2016ko urt. 11a, 13:16

Burelaren kontra garaipen garrantzitsua lortu du Magna Gurpeak

Aurreko jardunaldian Santiago Futsalen kontra launa berdindu eta gero, garaipenaren xendara itzuli da Magna Gurpea Xota. Ostiralean Lugon jokatutako partidan Irurtzungo taldeak 2 eta 3 irabazi zion Burelari.

Burelaren kontrako partida zaila izan zen, irekia eta intentsitate handikoa. Bi taldeek lortu ahal izan zuten garaipena, baina, zorionez, hiru puntuak Nafarroara etorri ziren. Nabarmentzekoa da Rafa Usinek eta Asierrek egindako lana. Rafa Usinek bi gol sartu zituen eta min asko egin zion Burelari, eta Asierrek geldialdi bikainak egin zituen eta Burelaren asmoak batean baino gehiagotan zapuztu.

Rafa Usinek mustu zuen markagailua, baina minutu bat beranduago berdintzea lortu zuen Burelak. Bigarren zatia hasi eta berehala Rafa Usinek eta Eseverrik 1 eta 3 aurreratu zuten Magna Gurpea. Burelak gola sartu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta talde nafarrak 3 puntuak ekarri zituen. “Burelak izugarri zaildu zuen dena, izugarri estutu gintuzten. Baina partida bikaina jokatu genuen eta garaipena lortu genuen, merezimendu osoz” adierazi zuen, bukaeran, Imanol Arregi entrenatzaileak.

Liderraren kontra
Inter Movistar da lehen mailako areto futboleko ligako liderra (52 puntu). Magna Gurpea laugarrena da (34 puntu). Hain zuzen ere Inter Movistar liderra hartuko du Magna Gurpea Xotak larunbatean, 18:00etan, Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Burelaren kontra irabazi eta gero, animua goian izango dute Imanol Arregiren mutikoek. Hori eta gehiago behar izango dute Inter Movistarren kontra aritzeko, baina talde berdea hazi egiten da ligako oilarren aurrean eta ea puntuak eusteko gai diren Magna Gurpea Xotakoak.