Liderraren kontrako porrot mingarria

Guaixe 2016ko urt. 18a, 11:34

Magna Gurpeari 3 eta 5 irabazi zion Movistar Interrek, kostata

Magna Gurpea Xotak bikain jokatu zuen Movistar Inter liderraren kontra. Liderra gailendu zen, 3 eta 5, baina Imanol Arregiren mutilek burua tente despeditu zuten partida, bikain aritu zirelako eta Movistar talde ahaltsua paretaren kontra izan zutelako.

Talde berdea beldurrik gabe atera zen kantxara. Baina Movistarrek Magna Gurpearen akats bakanetako bat probestu zuen, Asier atezainaren irteera bat, markagailuan aurreratzeko. Handik gutxira bigarrena sartu zuen Movistarrek. Magna Gurpeak ez zituen besoak jaitsi eta borrokan jarraitu zuen, baina Movistarrek hirugarrena sartu zuen, Magnako Martil jokalari irurtzundarra lurrean zegoela, falta baten ondorioz. Talde berdekoek protestatu zuten, baina ez zuen ezertarako balio. Atsedenaldia baino lehen Magnak lehena sartzea lortu zuen, Carlitosi esker.

Bigarren zatia hasi eta berehala Eseverrik bigarrena sartu zuen, baina segundo gutxi batzuk beranduago Movistarren laugarrena iritsi zen. Magna saiatu zen, baina bere bi jaurtiketa zurtoinera joan ziren. Imanolek jokalari-entrenatzailea formula erabili zuen eta Eseverrik hirugarrena sartu zuen, 3 eta 4 gerturatuz. Baina Movistarrek partida erabaki zuen, bosgarrena sartu eta gero. Ongi jokatuz eta primerako itxura emanez galdu zuten nafarrek.

“Taldeari ezin diot konturik hartu. Partida oso polita izan da, bi taldeak oso paretsu ibili gara eta eurek bezalako aukerak izan ditugu, agian gehiago. Uste dut kontrako atean asmatzea izan dela klabea” zioen Imanol Arregik.

Asteazkenean Elche aurkari
Lehen mailako sailkapen orokorrean Movistar Interrek eusten dio lidergoari (55 puntu). Magna Nafarroa Xota bosgarrena da (34 puntu). Asteazkenean Elche CFV. Alberola izango du aurkari talde berdeak, Alicanten (21:00etan).