Tuterako derbian Aspil-Vidal garaile

Guaixe 2016ko api. 25a, 09:31

Magna Gurpeak ez zuen galtzea merezi izan, baina 3 puntuak Tuteran geratu ziren

Larunbatean areto futboleko lehen mailako derbia jokatu zen Tuteran. Aspil-Vidal Ribera Navarrak jokoan zeuden hiru puntuak lortu eta historia egin zuen, bere betiko arerioa den Magna Gurpeari irabazteaz gain, sailkapenean talde berdea pasa eta tuterarrak bosgarrenak kokatu zirelako. Magna Gurpeak ez zuen galtzea merezi izan, baina akatsek eta aukerak ez aprobetxatzeak kondenatu zuten talde berdea. Orain Imanol Arregiren mutilak seigarrenak dira sailkapenean.

Partidak denetatik izan zuen: jokoa, emozioa, pasioa, rifi-rafeak… Lehen zatian Magna Gurpeak ederki estutu zuen Aspil-Vidal eta aukera ederrak izan zituzten. Aspil-Vidalek Pedro pivot postuan jarri zuen. Hain zuzen ere Pedrok buruhauste handiak eman zizkion Imanol Arregiren taldeari. Eseverrik eta Pedrok rifi-rafe estua izan zuten eta txartel hori bana jaso zuten biek. Aspil-Vidalek baloiaren jabetza hartu zuen, baina Magnarenak izan ziren aukera garbienak. Hala ere, ez zuten kontrako atean asmatzen. Bigarren zatian Magnak bi akats egin zituen eta akats horiei esker bi gol sartu zituen Aspil-Vidalik minutu bateko tartean, Hamzari eta Luismari esker. Baina Magnak partidan sartzea lortu zuen, Saldiseren jaurtiketa erantzuterakoan Aspileko Joselitok bere atean sartutako golari esker. Arbitroak Magna Gurpeako Araçari bigarren txartel horia atera zion, Molina atezainaren sakea oztopatu zuela interpretatu eta gero. Txartel zorrotzegia izan zen, Tuterako taldeari airea eta abantaila eman ziona.

Horrela, Aspilen hirugarren gola iritsi zen, zortea alde zutela, Roberto Martilek bere atean sartu baitzuen gola. Magnak dena kontra zuen baina ez zuen etsi, eta Saldisek taldea partidan sartzea lortu zuen, bigarren gola sartu eta gero. 8 minutu geratzen ziren oraindik eta Magna Gurpea behin eta berriz saiatu zen, modu guztietara, baina Aspil-Vidalek sufritzen jakin zuen eta 3 puntuak poltsikoratzea lortu zuen.

Imanol Arregi entrenatzailea bere jokalariek egindako lanarekin kontentu azaldu zen, baina huts egindako jokaldiengatik penatuta azaldu zen. “Ez dugu galtzea merezi izan, inondik inora. Lehen zatian hiruzpalau jokaldi oso argi izan ditugu eta Molinak atera ditu. Lehen zati horretan irabazten joatea merezi izan dugu. Eta bigarren zatian bi akats puntualengatik bi gol sartu dizkigute. Jokaldiengatik eta jokoarengatik ez dugu galtzea merezi izan” nabarmendu zuen Arregik. Entrenatzailearen iritziz, Araçaren kanporatzea ez zen justua izan. “Bi semifaltengatik kaleratu dute. Lehendabizikoa falta zen, baina ez txartel horia ateratzeko modukoa, eta bigarrena ez zen txartel horia inondik inora. Baina presio asko sartzen duen kantxa da hau eta arbitroak batzutan okertu egiten dira” argitu nahi izan zuen Arregik. Halaber, Yoshikawa lesionatu egin zen, zuntzen haustura, ziurrenik eta hori “albiste txarrena” zela azpimarratu zuen Arregik. Nolanahi ere, jokalariek egindako lana eskertu zuen.

Ostiralean Peñiscola arerio
Asteburuan lehen mailako ligako 30. jardunaldia dago jokoan, azken jardunaldia, gero titulua lortzeko play-offak jokatuko baitira. Movistar Inter da liderra (80 puntu). Aspil Vidalek bosgarrena da (52 puntu) eta Magna Gurpea Xota seigarrena (47 puntu). Ostiralean Magna Gurpeak sailkapenean zortzigarrena den Peñiscola hartuko du, 21:00etan, Iruñeko Anaitasuna pabilioian.

Magna Gurpeak ez du ezer jokoan, play-off-etarako sailkatuta baitago. Bai, ordea, Peñiscolak, play-offetarako lehen zortzi taldeak sailkatzen baitira. Talde berdeak badaki play-offetako final laurdenetan El Pozo Murcia izango duela arerio.