Dena prest XXVII. Sakanako Ibilaldirako

Guaixe 2016ko api. 29a, 14:17

Bihar, larunbatean, goizeko 6:00etan ibilbide luzekoak abiatuko dira Irurtzungo Atakondoa ikastetxetik, 7:30ean ibilbide motzekoak eta 9:30ean ibilbide txikikoak

Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak lan eta lan dabiltza XXVII. Sakanako Ibilaldia behar bezala antolatzeko azken ukituetan murgilduta. Nafarroako iraupen luzeko mendi ibilaldi beteranoena da Irurtzungoa, proba ez lehiakorra, eta bihar goizean goiz abiatuko da, Atakondoa ikastetxeko frontoitik. Mendizaleek hiru ibilbide dituzte aukeran. Ibilbide luzea, ohikoa, IX. Nafarroako Iraupen Luzeko Ibilaldien Txapelketarako baliagarria da eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan sartuta dago.

Aurreko astean aurkeztu zuten mendizale gehienek egutegian gorriz markatua duten mendi ibilaldia, Iruñean. Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi, Nafarroako Mendi Federazioko Koldo Aldaz eta Nafarroako Kutxa Fundazioa babesle nagusiko Javier Fernandez ordezkariaren babesa izan zuten Iratxo elkarteko Pello Alzuetak eta Mikel Goldarazenak.


Helburuak
Sakanako Ibilaldiarekin hainbat helburu lortu nahi dituzte. Batetik, gure mendi, herri, paisaia eta natura ezagutaraztea eta naturarekiko errespetua sustatzea. Aurrekoari lotuta, natura babesteko proban sortutako zaborrak behar bezala birziklatzeko deia egin dute antolatzaileek. Bestetik, Sakanako kultur ondarea ezagutarazi nahi da, proba toki esanguratsuetatik pasatzen baita, Orraregi gaztelua, Euskal Herriko erdigunea, San Donato baseliza (1.495 m), San Migel baseliza, Larrazpil trikuharria, Goldaratzetik Latasara errekuperatu den ibilbide zaharra, Trinitate baseliza eta abar tartean. Bestalde, Sakanako Ibilaldian Iratxok euskara bulkatu nahi du eta, bukatzeko, mendizaletasunaren festa handia izan nahi du Sakanako Ibilaldiak, proba ez baita lehiakorra.

936 mendizale izena emanda
Ostegunean Ibilbide luzerako 936 mendizale zeuden izena emanda, Ibilbide motzerako 246 mendizale eta Ibilbide txikirako 103 mendizale. Antolakuntzatik adierazi dutenez, 1.200 pertsona hartzeko azpiegitura dute prest, eta gogoratu nahi dute egunean bertan ere izena eman daitekeela. Antolakuntzak Atakondoa eskolako gimnasioa prest dauka, norbaitek martxaren aurreko gaua bertan eman nahi badu.

Ibilbidean barna hornidura eta kontrol guneak izango dituzte eskura mendizaleek eta DYAk probaren martxa zainduko du.  

Ibilbidea bukatzerakoan Irurtzungo plazan festa polita antolatuko dute Iratxokoek. Auzatea egonen da eta ibilbidea osatu ondoren gozatutakoaz aritzeko aukera paregabea izango dute mendizaleek. Guztiek kamiseta eta diploma jasoko dute. Gainera, mendi materiala zozketatuko da guztien artean. Antolatzaileen esanetan “gozatzeko egun eder bat” izango da Sakanako Ibilaldi Handia. Guztia ongi ateratzeko egin beharreko lana ere, handia da, baina erantzuna eta emaitza ikusita, “gustura egiten den lana”.

Egunean bertan izena emateko
Ibilaldi handirako, 5:00etatik 6:00etara arte, ibilaldi motzerako 6:30etik 7:30era eta ibilbide txikirako 8:30etik 9:30era. Prezioa: ibilbide handia eta motza, 15 euro (langabeek 5 euro) eta ibilbide txikia 4 euro.

XXVII. Sakanako Ibilaldia. 3 aukerak:
Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela)
Goizeko 6:00etan abiatuko dira mendizaleak Irurtzungo Atakondoatik. Urrizola, Txurregi, Euskal Herriko erdigunea, San Donato, Uharte Arakil, San Migel, Ata bailara, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa, Trinitatea eta Irurtzungo plaza. 11/12 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Motza (27,5 km, 1.344 m desnibela)
Goizeko 7:30eanabiatuko dira mendizaleak, Atakondoatik. Urrizola, Gaztelu, Ekai, Itxasperri, Paloeras, Goldaratz, Latasa, Arrantzaleen xenda eta Irurtzungo plaza. 6 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Txikia (14 km, 736 m)
Goizeko 9:30ean abiatuko dira, Atakondoatik. Etxeko txikienekin egiteko ibilbidea. Txikiak heldu baten zaintzapean egon beharko dute. Trinitatera igoko dira, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzungo plazara helduko dira. 4/5 ordu inguruko ibilbidea.