Magna Gurpea, Murtzian sorpresa ematera

Guaixe 2016ko mai. 20a, 12:09

Anaitasunan Play-Offetako joaneko partida irabazi ondoren, Murtzian itzulerakoa irabazi nahi dute

Lehen mailako areto futboleko titulua erabakitzeko play-offak ongi hasi dira Magna Gurpea Xotarendako. Talde berdeak final laurdenetako joaneko partida etxean jokatu zuen, larunbatean, El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. Partidari buelta eman eta 4 eta 3 irabaztea lortu zuen talde nafarrak. Horrela, asteburuan Murtzian jokatuko den bueltako partidara abantaila ederrarekin iritsiko da Magna Gurpea. Jakina da etxean jokatzeak airea emango dio El Pozori, kantxa faktoreak beti laguntzen baitu, baina jokalari berdeak animuak goian dituzte eta finalerdietarako sailkatzeko dena emango dute.

Lehendabiziko puntua “ezinbestekoa”
Imanol Arregi entrenatzailearendako lehendabiziko puntua batzea “ezinbestekoa”  da, baina onartu du El Pozo Murtziak jarraitzen duela faborito izaten, duen talde ikusgarriagatik eta kantxa faktorea alde izango dutelako.

Gaur itzuliko partida, Murtzian
Joaneko partida irabazita, itzuliko partida gaur, ostiralean, jokatuko dute El Pozo Murciak eta Magna Gurpea Xotak, Murtzian, 20:30ean. Murtzia partida irabaztera eta berdinketa hausteko hirugarren partida behartzera aterako da. Hirugarren partida igandean jokatuko litzateke, eguerdian. El Pozok kantxa faktorea alde izango du eta ez da ahaztu behar ligako talde ahaltsuenetako bat dela. Baina Magna Gurpea ez da kikiltzen, puntu bateko abantaila du eta animu guztiak goian dituela iritsiko da Murtziara. Ea ezustekoa eman eta garaipena lortuta, Play-Offetako final erdietarako sailkatzen den talde irurtzundarra.