Magna Gurpea berritu nahian

Guaixe 2016ko uzt. 7a, 11:35

Rafa Usinen ordezkoa bilatzen jarraitzen du talde berdeak eta aurrekontua osatzeko babesletza gehiago behar dutela nabarmendu du Tatono Arregi presidenteak

2016-2017 denboraldia prestatzen buru-belarri dabiltza Magna Gurpea Xotan. Hala adierazi zuten prentsaurrekoan Tatono Arregi presidenteak eta Imanol Arregi entrenatzaileak. Asier, Victor, Eseverri, Dani Saldise, Araça eta Yoshikawak taldean jarraituko dute, Jesulitok ere beste urte baterako kontratua du eta Nakata da taldera etorriko den lehen fitxaketa. Bi baja garrantzitsu ditu talde berdeak: Carlitos eta Rafa Usin. Carlitos Palma Futsalera doa eta Rafa Usin Bartzelonara bueltatzen da, denboraldi honetan Bartzelonak utzita aritu baita Magna Gurpean. Nakata Carlitosen tokia betetzeko iritsi da eta bitartean Usinen ordezkoa bilatzen jarraitzen du Tatono Arregik gidatzen duen klubak, baina jokalaria taldearen ahalmenaren araberakoa izango da. Izan ere, aurrekontua osatzeko babesletza gehiago behar dutela nabarmendu baitu presidenteak. “Babesle gehienek jarraituko dute, baina taldeak duen mailari eusteko ez da nahikoa, gehiago behar dugu. 800.000 euroko aurrekontuaz ari gara, gutxi gorabehera.

Xota B 3. Mailan
Magna Gurpea Xotak 2. B mailan jarraitzea lortu zuen baina 3. mailara jaitsiko dela erabaki du Xotako zuzendaritzak, ezin baitio 2. B-ko mailako gastuei aurre egin. 2. B mailan gertuko probintzietan jokatzen zuen Xotak eta 3. mailan Nafarroan jokatuko du.