Irañeta hirugarrena Nafarroako Harrijasotze Txapelketan

Guaixe 2016ko uzt. 11a, 11:59

Zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin 2.762 kilo jaso zituen guztira

Sanferminetan eguerdiro Foru Plazan antolatzen diren herri kirol jaialdien barruan, larunbatean Nafarroako Harrijasotze Txapelketa jokatu zen. Bero sapa izugarriari aurre eginez hiru harri jasotzaile neurtu ziren. Hiru harri desberdinekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– bi minutuko txandak egin zituzten.
Txapelduna Josetxo Urrutia leitzarra izan zen, zilindroari 17 altxaldi, kubikoari 10 eta bolari 11 egin eta guztira 4.350 kilo jaso eta gero. Bigarren postuan Albaro Zugarrondo iruindarra sailkatu zen, zilindroari 13 altxaldi, kubikoari 8 eta bolari 9 egin ondoren, 3.452 kilo guztira. Eta hirugarrena Jon Irañeta irurtzundarra izan zen. Zilindroari 8 altxaldi, kubikoari 5 eta bolari 12 egin zizkion, 2.762 kilo guztira.