Sexu indarkeriari aurre egiteko

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 14:22

Kanpaina abiaraziko duen rollo onari buruzko tailerra gaur izango dela esan dugu baina bihar, izanen da, larunbatean, 16:30ean Barazki plazan

Eraso sexistak ekiditeko prebentzio kanpainak aurten segida izanen du eta Ez ezetz da leloa berriro ere presente izanen da ospakizunaren erdian. Irurtzun-Arakilgo emakume taldeak, Irurtzungo aldeko gizarte zerbitzuaren eta udalaren laguntzarekin batera, kanpaina bat eginen du. Helburua, esan bezala, “emakumeen kontrako erasoak ekiditea eta haietakoren bat egotekotan erantzun sendoa ematea da”.

Kanpaina horren bidez festa giroan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko errespetua bultzatu nahi dute. Horrekin batera, gazteen artean ematen diren harremanak berdintasunean oinarritzea sustatu nahi dute. Aldi berean, “argi utzi” nahi dute “festetan ematen diren gehiegizko kontsumoak ez dutela inondik ere jarrera sexistak justifikatzen”. Ez ezetza da, beti eta beste hainbat mezu tabernetara, plazara, txosnetara, elkarteetara edota bajeretara zabalduko dituzte esku-orri, pankarta, txapa edo kartelen bidez. Azken horietan zera irakurri ahalko da: lokal honetan ez dugu eraso sexistarik onartuko.

Tailerra
Asteazkenean hasten diren Irurtzungo festei begira egitarau betea dago iragarria Barazki gunean.
Irurtzungo eta Arakilgo Gazte Asanbladak antolatu du hura. Baina festen aurretik, bihar, larunbatean, abiaraziko dute egitaraua. Sexu erasoak ekiditeko tailer mixtoa izanen da Barazki gunean, 16:30ean. Bertara joaten diren emakumezkoek eta gizonezkoek festa giroan izaten diren sexu erasoak aztertuko dituzte. Eraso mota hori ekidin eta salatzeko eta ezetza ezetz da nabarmentzeko, solasaldiaren akaberan, 19:00etan, pankartak eginen dituzte, gero herrian jartzeko.

Etxeetaraino
Festetan “rollo ona” sustatu eta sexu erasoak ekiditeko Irurtzungo Emakume Taldeak herriko etxe guztietara esku-orria zabaldu du. Festa giroan ematen diren bost erasoren inguruan hausnartzeko aukera eskaini nahi du taldeak. Lehenik eta behin, edozein pertsona ederra den esatea, norberaren balorazioa tokiz kanpo dagoela nabarmentzen da. Asko ligatzen duten pertsonen inguruan erabiltzen diren adierazpenen inguruan gaztigatzen du esku-orriak: gizonezkoa bada miresmena (puto amoa) eta emakumezkoa bada gaitzespena (puta).

Aldi berean, pasatu gabe ongi pasatzeko gonbidapena egiten du, norberaren gorputza berarena dela nabarmenduz. Pertsona bakoitzak bere aukerak egiten dituela eta dibertsitatea errespetatzeko deia luzatzen da. Azkenik, norberak nahi duena erakusteko libre dela nabarmentzen du. Ez ezetz dela azpimarratuz. Ekimenak udalaren eta gizarte zerbitzuen mankomunitatearen laguntza du.