Jon Irañeta hirugarrena Nafarroako Txinga Txapelketan

Guaixe 2016ko uzt. 19a, 10:23
Jon Irañeta Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan.

Sanferminetako azken egunean jokatu zen txapelketa, Sukuntzak irabazitakoa

Sanferminetako azken eguneko herri kirol jaialdietan Nafarroako Gizonezkoen Txinga Txapelketa jokatu zen. Esku banatan 50 kiloko txingak hartuta, Migel Angel Sukuntza leitzarrak egin zituen plaza gehien, 22 plaza (plaza bakoitzak 28 m ditu) eta 0,70 m. Alde oso nabarmena atera zien Sukuntzak arerioei, bigarrena sailkatu zen Daniel Saldias arraioztarrak 8 plaza eta 2,40 m egin baitzituen. Hirugarrena Jon Irañeta irurtzundarra izan zen–6 plaza eta 1,16 m).
Jon Irañetak aurten debutatu du herri kiroletako txapelketetan. Sanferminetan jokatutako Nafarroako Ingude Txapelketan eta Nafarroako Harri jasotze Txapelketetan ere hirugarrena izan zen irurtzundarra.