Sexu erasoei, esku gorria!

Guaixe 2016ko uzt. 19a, 12:59

Barazki gunetik Irurtzunera sexu erasoen kontrako mezuak zabaldu dira. Irurtzungo emakumeen taldeak ohikoak diren bost sexu eraso moten inguruan esku-orria zabaldu du  etxeetara festen aurretik. Bost eraso mota horien kontrako mezuak dituzten pankartak larunbatean egin zituzten eta festetan herrian barna ikusgai izanen dira.

Sexu erasoak ekiditeko kanpainaren barruan gazteekin larunbatean egindako tailerrean sortu zituzten pankartak. Horren aurretik, erasoak ekiditeko tailerrean parte hartu zuten 23 neska-mutil gaztek. Tailerrean erasoa zer den eta dauden eraso motak aztertu zituzten. Sexu erasoak nola identifikatu aztertu zuten eta, horrekin batera, halako egoeren aurrean zein nolako erantzunak eman daitezkeen aztertu zuten. Tailerra oso dinamikoa izan zen, gazteek parte hartze handia izan zutelako. Haien ideiak eta esperientziak partekatu eta guztien arteko hausnarketa egin zen.

Irurtzungo emakume taldeak eta Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu zuten tailerra, udalaren laguntzarekin. Mankomunitatetik kanpainaren “oso balorazio ona” egin dute; “batez ere parte-hartzailea izan delako. Emakume taldeak lan handia egin du denbora gutxian, asko baloratu eta eskertzen dugu”. Mankomunitatetik, aldi berean, esker ona azaldu diote Irurtzun Telebistari, saioaren inguruko bideoa grabatu eta www.irurtzuneuskaraz.com web orrian dago ikusgai

Erlazionatuak