IX. Nafarroako Erremonte Torneoa Irurtzunen hasiko da

Guaixe 2016ko uzt. 22a, 12:06

Larunbatean, 18:30etik aurrera izanen da jaialdia, festetan. Sarrera librea

Erremontea sustatzeko asmoz IX. Nafarroako Erremonte Torneoa-2016 Magna Sari Nagusia antolatu du Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak. Aipatu torneoa Nafarroako zenbait herritan jokatuko da eta larunbatean hasiko da, Irurtzunen. Astelehenean egin zuten aurkezpena, Nafarroako Kirol eta Gaztedia Institutuan, bertako zuzendari Ruben Goñi arakildarra bertan zela. Harekin batera Nafarroako Pilota Federazioko presidente Migel Pozueta, Magnesitas Navarra babesle nagusiaren finantza-zuzendari Jorge Baños eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioko Edorta Beltzunegi eta Jaime Agirre izan ziren, Javier Urriza eta Xabier Erburu erremontistekin batera.

Irurtzungo festetan pilotak bere txokoa du urtero, eta azkenaldi honetan erremonteari ere tokia egin zaio. Izan ere, erremontea festetarako egitarauetarako kirol modalitate aproposa da, arina, azkarra eta ikusgarria delako. Beste behin, puntako erremontisten lana gertu ikusteko aukera izango dugu Irurtzunen.

Bi mailatan jokatuko da IX. Nafarroako Erremonte Torneoa-2016 Magna Sari Nagusia. Lehen mailan Ezkurra II.a-Barrenetxea IV.a, Urriza-Aizpuru III.a, Uterga-Etxeberria III.a eta Endika-Ion lehiatuko dira eta bigarren mailan Erburu-Otano, Barricart-Zaldua, Beñat-Martirena eta Goikoetxea V.a-Azpiroz.

Hasiera batean maila bakoitzean guztiak guztien kontra lehiatuko dira, larunbatean Irurtzunen, agorrilaren 5ean Lekunberrin, agorrilaren 7an Donezteben, agorrilaren 11n Sunbillan eta agorrilaren 14an Iruñean antolatu diren jaialdietan. Finalerdiak agorrilaren bukaeran jokatuko dira oraindik zehaztu ez diren herrietan eta finala Zubirin jokatuko da, bertan baitago Magnesitas Navarra enpresa babeslearen egoitza.

Aurretik esku pilota
Erremonte Torneoaren partidaren aurretik, esku pilotako afizionatuen mailako partida jokatuko da.

Txikien pilota kluba gaur
Irurtzungo festen barruan Irurtzun txikien pilota kluba antolatu dute gaurko, ostiralerako, goizeko 10:00etatik aurrera.