Urrutia eta Ion garaile Irurtzunen

Guaixe 2016ko uzt. 25a, 09:21

Irurtzunen jokatutako Nafarroako Torneoko lehen kanporaketan 30 eta 17 irabazi zieten Ansari eta Barrenetxea IV.ari

Larunbatean abiatu zen, Irurtzunen, IX. Nafarroako Erremonte Torneoa-2016 Magna Sari Nagusia. Festetarako antolatutako ekitaldietako bat zen erremonte partida, eta erremontistek primerako ikuskizuna eskaini zuten.

Makina bat urtetan atzelari aritu eta gero, Endika Urrutia aurrelari moduan aritu zen. Ion Etxeberriarekin osatu zuen bikoa Urrutiak eta partida bikaina egin zuten biok. Aurreikusi baino errazago hartu zituzten menpean Ezkurra II.a ordezkatu zuen Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a (30 eta 17). Ezkurra II.a oraindik ez da osatu ezker belaunean dituen arazoetatik eta Ansari oraindik koska bat falta zaio lehen mailako erremontisten pare aritzeko. Eta hori bere alde erabili zuten Urrutiak eta Ionek, Nafarroako Erremonte Torneoko lehen puntua lortuaz.