3 irurtzundar 2016-2017 Magna Gurpea Xotan

Guaixe 2016ko ira. 21a, 12:28

Talde berdeak asteartean egin zuen denboraldiko aurkezpena, Civicanen

Lehen mailako areto futboleko 2016-2017 liga urriaren 12an hasiko da, berandu, Colombian Areto Futboleko Mundiala jokatuko delako. Hala ere, Magna Gurpea Xotak denboraldi berriko aurkezpena egin zuen asteartean Civicán auditorioan. Tatono Arregi presidenteak adierazi zuenez, aurtengo helburuak Espainiako Koparako sailkatzea eta ligako lehen zortzi talderen artean sailkatzea dira, ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatu ahal izateko. “Eta hortik aurrera, ahal dena” azaldu zuen aurten 16. denboraldiz jarraian talde berdeko entrenatzaile izango den Imanol Arregi irurtzundarrak. Dena den, jakitun dira aurtengo denboraldia zailagoa izango dela, besteak beste, ligako gainontzeko taldeak hastear dagoen ligarako behar bezala berrindartu direlako.

12 jokalari ditu Magna Gurpea Xotak, horietatik hiru irurtzundarrak: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil atzelaria eta Dani Saldise hegala. Apirilean disko-hernian ebakuntza egin behar izan zuen Jesulito guztiz osatzea, hori da talde berdearen nahietako bat, Cadizekoa ezinbestekoa baita plantillan. Eseverri kapitaina da taldearen oinarri nagusienetakoa eta ikusi beharra dago nolakoa den Dani Saldise irurtzundarraren garapena, aurreko denboraldian ligako jokalari errebelazioa izendatu baitzuten gazte irurtzundarra. Roberto Martil atzelaria da Magna Gurpearen beste ezinbesteko jokalari bat, Rafa Usinekin batera. Victorrek, Araçak, Yoshikawak eta aurtengo bi fitxaketek, Eric Martel “Nakatak” eta Alvaritok, osatuko dute taldea, ginontzekoekin batera. Soilik bi baja izan ditu talde berdeak: Carlitos, Palma Futsalera joan dena, eta Pablo Ibarra, bigarren mailako Rivas Futsal taldeari utzita.

Tatono Arregi presidenteak babesleei eskerrak eman zien, “euren konplizitatearik gabe proiektuak ez baitzuen aurrera egingo”.

Magna Gurpea Xotak urriaren 12an ekingo dio ligari, etxetik kanpo, Cartajenaren kontra.  


2016-2017 Magna Gurpea Xota
Jokalariak:
Atezainak: Asier Llamas (Irurtzun, 1993) eta Raul Jimenez (Madril, 1996).
Atzelariak: Araça (Araçatuba, 1984), Victor (Malaga, 1989) eta Roberto Martil (Irurtzun, 1987).
Hegalak: Tomoki Yoskikawa (Shiga, 1989), Jesulito (Cadiz, 1989), Dani Saldise (Irurtzun, 1995) eta Alvarito (Alcalá de Henares, 1996).
Hegal-pibotak: Rafa Usin (Madril, 1987) eta Eric Martel “Nakata” (Bartzelona, 1992).
Hegal-atzelariak: Javier Eseverri (Otsagi, 1977).
Teknikariak:
Imanol Arregi entrenatzailea (Irutzun), Migel Hernanez bigarren entrenatzailea, Txuma Sangüesa delegatua, Adonai Perez eta Luis Pelluz fisioterapeutak eta Antonio Vilches laguntzailea.
Presidentea: Jose Antonio Arregi, “Tatono”.