Cartagenarekin berdinduz ekin dio ligari Magna Gurpeak

Guaixe 2016ko urr. 13a, 08:25
Eseverrik sartu zuen gola.

Ostiralean Jumilla hartuko du talde berdeak, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian

Asteazkenean hasi zen areto futboleko lehen mailako 2016-2017 denboraldia. Magna Gurpea Xotak Cartagenan hasi zuen liga. Teledeportek zuzenean eskainitako partidan ikusi zenez, Plasticos Romero Cartagena oso indartsu hasi zen, Magna Gurpea ederki presionatuz. Horrela, markagailuan aurreratzea lortu zuen Cartagenak, Josemak sartutako golari esker. Baina gutxinaka Imanol Arregiren mutilek jokoaren kontrola berreskuratu zuten eta atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen Javi Eseverri beterano nafarrak. Bigarren zatian bi taldeek gol aukera politak izan zituzten, baina ez zuten asmatu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Aipatzekoa da talde berdeko Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituela.

“Ez da partida bikaina izan, gure aldetik behintzat. Paseetan akats gehiegi egin ditugu eta estrategian ezer gutxi. Ez gara ongi egon. Gure akats baten ondoren sartu digute gola eta kontraerasoan hil gaituzte. Azkenean irabazteko aukerak izan ditugu, baina ez gara oso ongi egon” adierazi zuen, bukaeran, Imanol Arregik.

Santiago Futsal da lehen mailako areto futbol ligako liderra (3 puntu) eta Magna Gurpea 9.a da, puntu batekin. Ostiralean, 20:30ean Magna Gurpea Xotak Jumilla taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean, euren zaleen aurrean jokatuko duten ligako lehen partidan.