Peñiscolari irabazita, Espainiako Koparako sailkatu da Magna Gurpea

Guaixe 2017ko urt. 11a, 10:37
Espainiako Koparako sailkapena balio zuen garaipena lortu zuen Magna Gurpea Xotak atzo Iruñean.

Ostiralean Cartagena taldea hartuko du talde berdeak Anaitasunan (20:30)

Atzo, asteartean, areto futboleko lehen mailako 15. jardunaldia jokatu zen, lehen buelta ixten zuena. Jardunaldi erabakiorra zen Magna Gurpearendako, Espainiako Koparako sailkapena baitzegoen jokoan. Izan ere, lehen buelta jokatuta sailkapenean lehen 8 postuetan sailkatuta dauden taldeek jokatuko baitute martxoaren 9tik 12ra Ciudad Realen jokatuko den Espainiako Kopa. Magna Gurpea Xotak 3 eta 1 irabazi zion Peñiscolari partida lehiatu eta gogorrean, eta zortzigarrena sailkatu denez, Kopan egotea lortu du talde berdeak, azken unean. Bartzelona Lassa, Inter Movistar, El Pozo Murcia, Palma Futsal, Jaen, Catgas Energia, Peñiscola eta Xota lehiatuko dira Espainiako Kopan.

Asteartean Anaitasunan Magna Gurpea Xotak eta Peñiscolak jokatutako partidari dagokionez, Magna Gurpeak merezitako eta sufritutako garaipena lortu zuen. Hasieran Peñiscola izan zen markagailuan aurreratu zena. Jesulito aldageletara bidali zuen arbitroak, baina talde berdeak ez zuen behera egin eta Rafa Usinek, penalti bikoitza bati esker, bana berdindu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Usinek 2 eta 1 aurreratu zuen talde berdea, eta partida bukaera aldera Araçak Peñiscolaren atea zulatu zuen. Bukaeran, 3 eta 1 gailendu ziren berdeak eta Espainiako Koparako sailkatzea gogoz ospatu zuten.

Ostiralean Cartagenaren kontra
Lehen mailako sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra (37 puntu). Magna Gurpea Xota zortzigarrena da (24 puntu). Ostiralean 16. jardunaldia jokatuko da eta Magna Gurpeak sailkapenean 14.a den Cartagena hartuko du, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian.