Punteria falta, Magna Gurpearen ostiraleko porrotaren arrazoia

Guaixe 2017ko urt. 16a, 12:24

Cartagenak 2 eta 3 irabazi zion talde berdeari Anaitasunan. Bihar Errege Kopako finalerdiko partida jokatuko du Magna Gurpeak, Burela taldearen kontra

Ostiralean lehen mailako ligako partida jokatu zuten Magna Gurpea Xotak eta Cartagenak. 2.000 zale inguru bildu ziren Anaitasunan. Nahiz eta talde berdea 2 eta 0 aurreratu, azkenean ezin zion garaipenari eutsi eta akats propioengatik 3 puntuak Cartagenara eraman zituen talde bisitariak.

Magna Gurpea Xotak bikain ekin zion lehiari, lehen minuturako Rafa Usinek gola sartzea lortu baitzuen. Cartagenak ez zuen etsi eta Magna Gurpea ere jokaldi gero eta ausartagoak sortzen ahalegindu zen; horrela, Eseverrik ateratako corner bat bikain errematatuz bigarren gola sartu zuen Roberto Martil irurtzundarrak. Cartagenak bere horretan jarraitu zuen eta Aldeirtonek Cartagenaren aldeko gola sartzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatia hasi eta berehala Cartagenak sorpresaz hartu zuen Magna Gurpea,  Josemak bina berdintzea lortu baitzuen. Berdinketarekin, borroka gogorra izan zuten bi taldeek, biek dominatu nahi zutelako. Berdeak behin eta berriz saiatu ziren, mota guztietako jokaldiekin, baina Cartagenako Raul atezainak guztia gelditu zuen. Partida despeditzeko lau minuturen faltan Araça atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik, baina berdeen akats bat probestuta hirugarren gola sartu zuen Cartagenak, garaipenarena. Imanol Arregiren mutilak berriro saiatu ziren baina Raul atezainarekin egin zuten topo, behin eta berriz, eta ezin izan zioten markagailuari buelta eman.

“Partida arraroa izan da. 2 eta 0 aurreratu gara, partida kontrolatuta genuen, baina akats bat egin dugu eta 2 eta 1 gerturatu dira Cartagenakoak. Binakako berdinketa aldaratutako baloia hila gelditu zaienean lortu dute, eta hirugarren gola gure beste akats batengatik sartu digute. Bestalde, Cartagenako onena euren atezaina izan da, Raul, dena gelditu baitu. Eta gure bi akatsekin nahikoa izan dute irabazteko. Ez baduzu sartzen halako gauzak gertatzen zaizkizu” ondorioztatu zuen Imanol Arregik.  

Errege Kopako joanekoa, bihar
Bihar Errege Kopako final laurdenetako joaneko partida du jokoan Magna Gurpea Xotak. Galizian jokatuko dute berdeek, Burelaren kontra, 21:00etan, Burelako Vista Alegre pabilioian.  

Jumillaren kontra larunbatean
Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra (40 puntu). Magna Gurpea Xota 7.a da, 24 punturekin. Ligako hurrengo partidan talde berdeak Jumilla izango du aurkari, larunbatean, 18:30ean, Jumillan.  

Genario, taldekide berria
Magna Gurpea Xotak jokalari berria du, Genario Benicio Peixoto. 31 urteko pibot brasildarra da, Iraneko Dabiri Tabriz taldetik datorrena eta 2011-2012 denboraldian Inter Movistar taldean aritutakoa. Fitxaketa berriaren paperak eta burokrazia kontu guztiak behar bezala egiten dituztenean debutatuko du Genariok.