Errege Kopako finala gertuago du Magna Gurpeak

Guaixe 2017ko urt. 18a, 08:33

Final erdietako joaneko partidan Burelari 1 eta 5 irabazi zion talde berdeak

Errege Kopako final erdietako joaneko partida bikain joan zaio Magna Gurpea Xotari, atzo, asteartean Burelaren kontra jokatutako partidan 1 eta 5 gailendu baitziren Imanol Arregiren mutilak.

Partidaren lehen txanpan Burelak agintea hartu zuen eta gol batekin aurreratu ziren galiziarrak. Baina gol horrek Magna Gurpea esnarazi zuen eta minutu eskas batera berdindu egin zuen Eseverrik. Handik gutxira, Saldisek gidatzen zuen kontraeraso bat zapuztu nahian Renatok gola sartu zuen bere atean eta 1 eta 2 aurreratu zen talde berdea.

Bigarren zatiko hasieran bi taldeak parez pare ibili ziren, baina berehala Rafa Usinek Magna Gurpearen hirugarren gola sartu zuen. Tanto horrek min asko egin zien galiziarrei. Hori gutxi ez balitz, Eseverrik talde berdearen laugarrena sartu zuen handik gutxira. Burelakoek arriskatu zuten, jokalari-atezain formula erabilita, baina estrategia oker atera zitzaien, Araçak bosgarren gola sartu zuelako.

Joaneko partida serioa egin eta gero, Errege Kopako finala gertu du Magna Gurpea Xotak. Final erdietako itzuliko partida Iruñean jokatuko dute Magna Gurpeak eta Burelak, otsailaren 7an Anaitasunan. Hor zehaztuko da, guztiz, nor sailkatuko den final handirako.

Ligan, Jumillaren kontra larunbatean
Areto futboleko lehen mailako sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra (40 puntu). Magna Gurpea Xota 7.a da, 24 punturekin. Ligako hurrengo partidan talde berdeak Jumilla izango du aurkari, larunbatean, 18:30ean, Jumillan.