Magna Gurpeak punteria berreskuratu zuen

Guaixe 2017ko urt. 23a, 12:19

Talde berdeak 3 eta 7 irabazi zion Jumillari eta seigarrena da sailkapenean

Larunbatean Murtzian jokatutako partidan, Magna Gurpea Xotak ez zuen aparteko arazorik izan sailkapenean azkena den Jumillari irabazteko (3 eta 7). Partida hasi eta berehala bi goleko errenta lortu zuten Imanol Arregiren mutilek. Aipatzekoa da Jumilla jokalari bat gutxiagorekin geratu zela, arbitroak Ary Neto kaleratu baitzuen. Horrela, 7. minuturako Rafa Usinek Magna Gurpea aurreratu zuen  eta handik minutu eskasera Roberto Martilek talde berdearen bigarrena sartu zuen.
Arbitroak penalti bikoitza seinaleztatu zion Magna Gurpeari eta, horrela, lehen gola lortu zuen Jumillak, baina berehala talde berdearen hirugarren gola iritsi zen, Eseverri kapitainak sartutakoa. Atsedenaldia baino lehen beste penalti bikoitz bat seinaleztatu zioten Magna Gurpeari, Bolibarrek sartu zuena (2 eta 3).

Bigarren zatian Imanol Arregiren taldea izan zen jaun eta jabea. Usinek baselinaz Magna Gurpearen laugarren gola sartu zuen, eta Eseverrik berehala taldearen bosgarrena egin zuen. Gol festak jarraitu zuen, Alvaritok eta, atzera ere Eseverrik, beste bi gol sartu zituztelako. Fernandezek Jumillaren hirugarrena sartu zuen eta, horrela, 3 eta 7 irabazita pozik itzuli ziren etxera Magna Gurpea Xotakoak. Aipatzekoa da partidan minutu batzuk jokatu zituela Xotako jokalari berriak, Genario brasildarrak.

“Lehen 20 minutuetan sufritu dugu. Areto futbolean ez dago ezer errazik. Baina bigarren zatian ongi aritu gara eta emaitza erosoa lortu dugu. Genariok debutatu du eta taldeari egokitzea da falta zaiona” aipatu zuen Imanol Arregik partida bukaeran.

Otsailaren 3an Gran Canaria arerio
Lehen mailako areto futboleko lider jarraitzen du Bartzelona Lassak (43 puntu). Magna Gurpea Xota seigarrena da (27 puntu). Hurrengo jardunaldian Magna Gurpeak sailkapenean 13.a den Gran Canaria taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, otsailaren 3an, 20:30ean. Asteburu honetan ez dago jardunaldirik.