Norberaren kaletik herria hobetzen

Guaixe 2017ko urt. 27a, 09:48

Udaletxean hiru parte hartze bilera eginen dira bihar. Udalak irurtzundarrak herria hobetzeko euren proposamenak egitera joatera gonbidatu ditu.

Irurtzundarrendako udaleko atea zabalik egoteko helburuz, Irurtzungo Udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du. Alkateak jakinarazi duenez, “legegintzaldi honetan demokrazia parte hartzailearen bidean urratsak ematen jarraituko dugu”. Horregatik, irurtzundarren iritzia ezagutzeko parte hartze bilerak deitu dituzte, aurreko urteetan parte-hartze aurrekontuen dinamikarekin egindako lanari bulkada emateko. Halako bilerak joan zen urtean estreinakoz egin ziren. Esperientzia positiboaren ondoren, aurten ere irurtzundar guztiak biharko bileretan parte hartzera deitu ditu udalak.

Herria hiru zatitan banatu du udalak eta, kaleka eta auzoka banatuta, hiru bilera eginen dira. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu zigunez, “bakoitza bizi den auzoan, zein premia eta behar dituen hobekien dakiena da. Horiek lehen eskutik jaso nahi ditugu, jendeak herrirako zein ideia eta behar sumatzen dituen”. Guztia herria hobetzeko. Legegintzaldiko hurrengo bi urteetan egin daitekeenaz ariko dira ere. Horrekin batera, udal ordezkariek aurrekontuan jaso nahi dituzten ildo nagusien berri emanen diete joaten direnei.

Bileren ordutegia eta kaleak
11:00etan Oskia, Amaia, Ardubil, Itsesia, Aldapa, San Martin, Plazaola eta Trinitate.
12:30ean San Migel, Urbasa, Artadia, Ardantzeta, Erga, Berria eta Elizpea.
16:30ean Bi Ahizpe, Aralar, Larraun, Intxaurreta, Lizarra, Andia, Herria, Iturtxoko,
Ugaldeta eta Behetiko Erreka.

35.000 euro
Irurtzungo Udalaren aurrekontuko diru kopuru hori zertara bideratuko den irurtzundarrek aurrekontu-parte-hartzaileen bidez aukeratuko dute.