Liga bueltan: Magna Gurpeak Gran Canaria hartuko du gaur

Guaixe 2017ko ots. 3a, 10:26

Gaur, ostiralean, Anaitasunan, 20:30ean

Lehen mailako areto futboleko liga bueltan da, aste bateko atsedenaldiaren ondoren. Izan ere, asteburuan lagunarteko partidak jokatu ditu Espainiako selekzioak. Atsedenaldia hurrengo partidak prestatzeko bikain etorri zaio Magna Gurpea Xotari. Izan ere, bi partida jokatuko ditu 5 eguneko epean.

Gaur, ostiralean, lehen mailako 18. jardunaldia izanen du jokoan Magna Gurpea Xotak. Sailkapenean 6.a da talde berdea eta sailkapenean 13.a den Gran Canaria taldea hartuko du, gaur, ostiralean, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian.

Asteartean Errege Kopako finalerdiak
Ligako partida jokatu eta gero, otsailaren 7an, asteartean, Errege Kopako finalerdietako itzuliko partidari ekingo dio Magna Gurpeak. Burela taldearen kontra ariko da, asteartean, 20:00etan, Anaitasuna pabilioian. Joaneko partidan talde berdeak 1 eta 5 irabazi zion Burelari eta, hortaz, gauzak asko nahastu ezean, finala gertu du Imanol Arregiren taldeak.