LAB, kongresuaren aurretik, aurkezpen eta eztabaida batzarra

Guaixe 2017ko ots. 8a, 08:30

 Bihar, 16:00etan, Irurtzungo kultur etxean.

LABek bere 9. Biltzar Nazionala Gasteizen eginen du maiatzaren 25ean eta 26an. Sakanako LABeko ordezkari Gaizka Uhartek azaldu digunez, “gure sindikatu eredua birpentsatzeko erronkarekin gogoeta prozesua egin dugu. Biltzar Nagusian, orain arteko ibilbidea oinarri hartuta, aldaketa gauzatzeko erabakiak hartuko ditugu. Esku artean proiektu argi bat dugula, gure eskaintza berritzen jarraituko dugu”.

Kongresuari begira, Euskal Herriko eskualdeetan dinamika bat jarri du martxan sindikatuak. Otsaila hasierara arte eskualde guztietan delegatu eta afiliatuekin batzarrak egingo dira ponentzietan (politiko-sindikala eta antolakuntzakoa) proposatzen diren erabaki nagusiak azaldu eta haien inguruan eztabaidatzeko.

Horren ondoren, maiatza bitartean, oinarri sozial, herritar eta eragileekin hainbat solasaldi eginen dituzte LABekoek. “Ponentzietan jasotzen diren gai nagusien inguruan LABen ikuspegia jendarteratu eta eztabaida soziala bultzatzea izanen da solasaldi horien helburua”. Besteak beste, burujabetza prozesua eta aldaketa soziala, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialean eta ekintza sindikal integrala izanen dituzte hizpide.

Uhartek azaldu digunez, “buru-belarri lanean ari gara aro berri bat ireki nahian, datorrena ‘Gure Garaia’ izan dadin, euskal langileon garaia, euskal sindikalgintzaren garaia, Euskal Herriaren garaia”.