Gran Canariari irabazita, biharko Errege Kopa du buruan Magna Gurpeak

Guaixe 2017ko ots. 6a, 12:50

Lehen mailako ligan bosgarrena da Magna Gurpea Xota. Bihar, Anaitasunan, Burlearen kontra Errege Kopako final erdietako itzuliko partida jokatuko dute berdeek

Gauzak ongi doazkio Magna Gurpea Xotari. Ostiralean etxean jokatu zuten, lehen mailako ligako 18. jardunaldian, Gran Canaria taldearen kontra. Azken ordura arte kirioak dantzan izan zituzten zale berdeek, baina azkenean garaipena etxean gelditu zen, 5 eta 4 gailendu baitziren Imanol Arregiren mutilak.

Partida hasi eta lehen jokaldian Juanillok Gran Canaria aurreratu zuen. Gran Canaria dominatzen hasi zen baina Magna Gurpea ez zen kikildu eta berehala Yoshikawak berdindu egin zuen. Araçak berdeen bigarrena sartu zuen eta Rafa Usinek hirugarrena. Horretaz gain, berdeen Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Baina gauzak ederki estutu ziren partidaren bigarren zatian. Eseverrik Magna Gurpearen laugarren gola sartu zuen, baina Gran Canariak bikain erantzun zuen, hurrengo minutuan bigarren gola sartu baitzuten. Handik gutxira hirugarrena sartu zuten kanariarrek eta markagailuan talde berdeari hurbildu zitzaion (4 eta 3). Hortik aurrera bi taldeak parez pare aritu ziren. Gran Canariak bosgarren falta egin zuen eta Rafa Usinek asmatutako penalti bikoitzari esker 5 eta 3 aurreratu ziren berdeak. Baina handik gutxira laugarren gola sartu zuten kanariarrek eta estu eta larri ibili ziren berdeak. Kirioak dantzan izan zituzten zale berdeek baina, zorionez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 5 eta 4 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek.

“Partida gogorra izan da. 4 eta 1 aurreratuta egon gara eta partida bideratuta genuela zirudienean gure hiru akatsei esker partidan sartu dira kanariarrak. Lortutako 3 puntuak oso garrantzitsuak dira. Orain Errege Kopako final erdiko itzuliko partida dugu buruan” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Bihar Burelaren kontra, Errege Kopako finalerdietan
Izan ere bihar, asteartean, Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida jokatuko dute Magna Gurpea Xotak eta Burelak Anaitasuna pabilioian, 20:00etan. Joaneko partidan 1 eta 5 irabazi zuten berdeek, baina ez dute erlaxatu nahi. “Burela ez da denbora pasatzera etorriko; dituen arma guztiak erabiliko ditu finalerako sailkatu ahal izateko. Hortaz, lehiatzera aterako gara hasieratik” azaldu du Imanol Arregik.

Ostiralean berriro Burela eta asteartean Aspil Vidal
Lehen mailako ligan Bartzelona da liderra (46 puntu). Magna Gurpea zazpigarrena da (30 puntu). Errege Kopan Burela arerio izan ondoren, atzera ere ligan Burelaren kontra aritu beharko du, ostiralean, 21:00etan, Burelan. Eta hurrengo asteartean, otsailaren 14an, ligako hurrengo partida jokatuko du Magna Gurpeak. Etxean, Anaitasunan, Aspil Vidal Ribera Navarra Tuterako taldea hartuko dute, 20:00etan.