Magna Gurpea Errege Kopako finalera

Guaixe 2017ko ots. 8a, 09:01

Final erdiko itzulerako partidan Magna Gurpeak 3 eta 0 irabazi zion Burelari. Finalean El Pozo izango dute aurkari.

Maiatzaren 6an Magna Gurpea Xotak Errege Kopako finala jokatuko du, El Pozoren kontra. Lehenengo aldia izango da Imanol Arregiren mutilek Errege Kopako finala jokatuko dutena. 2009/2010 denboraldian liga erabakitzeko finalerako sailkatu zen Magna Gurpea, bere lehenengo finala jokatu zuen talde nafarrak, eta hain zuzen ere, El Pozo izan zen aurkaria. Orduan El Pozo izan zen ligako garaile. Espero dezagun aurtengo Errege Kopako finalean gauzak aldatzea eta Magna Gurpea Xota txapelduna izatea. “Amestea dohainik da”, Imanol Arregi entrenatzaileak esan zuen bezala. Baina hori maiatzaren 6an erabakiko da.

Errege Kopako finalerdietan El Pozok Levanteri irabazi zion, 10 eta 1 joanekoan eta 1 eta 4 itzulikoan. Paretsu gertatu zitzaion Magna Gurpea Xotari Burelarekin. Joanekoan 1 eta 5 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek eta asteartean Anaitasunan jokatutako itzulikoan 3 eta 0 gailendu ziren nafarrak.

Burelak arriskatzea erabaki zuen hasieratik. Horrela, partidaren hasieratik atezain-jokalari formula erabili zuten, Miñano atezaina postu horretan jarrita. Horrela, baloiaren jabetza izan zuten Burletakoak. Baina kontraeraso azkar baten ondoren Magna Gurpea aurreratu zen, Usinen pasea sareetara sartu baitzuen Araçak. Burelak baloiaren jabetza izaten jarraitu zuen, bi taldeek ederki estutu zuten kontrakoa eta jokaldi oso azkarrak sortu zituzten. Zorionez, Asier atezainak Burelaren jaurtiketak gelditu zituen. Bigarren zatian Yoshikawak eskuin bandatik jaurtiketa gogorra egin zuen, Burelaren atean sartu zena. Hurrengo jokaldian Dani Saldise irurtzundarra izan zen taldearen hirugarren gola sartu zuena. Galiziarrak jokaldiak sortzen jarraitu zuten, baina berdeek primeran defendatu zuten euren atea. Horrela, 3 eta 0 irabazita, Errege Kopako finalerako sailkatu dira irurtzundarrak.

Debuta
Aipatzekoa da Errege Kopako final erdietako itzuliko partidan bi jokalarik debutatu zutela Xotarekin, Asier Beaskoetxea eta Xabi Otxotorena irurtzundarra. Biak oso eskertuta zeuden Imanol Arregirekin, finalerdi batean debutatzeko aukera emateagatik.

Imanol Arregi: “Amestea dohainik da”
Oso pozik zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Borrokatu behar izan dugu baina oso partida serioa egin dugu. Burelak atezain-jokalaria atera dugu eta guk ongi defendatzen jakin dugu. Gogor lehiatzera etorri dira Burelakoak eta horregatik zoriontzen ditut. Zorionak eman nahi dizkiot mundu guztiari, afizioari eta jokalariei bereziki” esan zuen Irurtzungo misterrak. “Ditugun bajak kontuan hartuta finalerako sailkatzeak meritu gehiago du. Eta markagailua alde genuenez, Asier Beaskoetxea eta Xabi Otxotorena atera ahal izan ditugu. Sari polita izan da eurendako” gaineratu zuen.

El Pozoren kontrako finala gogorra izango dela nabarmendu zuen “baina partida bat da, final bat, eta amestea dohainik da” azpimarratu zuen.
 
Ostiralean berriro Burela eta asteartean Aspil Vidal
Lehen mailako ligan Bartzelona da liderra (46 puntu). Magna Gurpea zazpigarrena da (30 puntu). Errege Kopan Burela arerio izan ondoren, atzera ere ligan Burelaren kontra aritu beharko du, ostiralean, 21:00etan, Burelan. Eta hurrengo asteartean, otsailaren 14an, ligako hurrengo partida jokatuko du Magna Gurpeak. Etxean, Anaitasunan, Aspil Vidal Ribera Navarra Tuterako taldea hartuko dute, 20:00etan.