Derbia berdeendako

Guaixe 2017ko ots. 15a, 08:43

Magna Gurpea Xotak 3 eta 1 irabazi zion Tuterako Aspil Vidali atzo gauean Anaitasunan jokatutako derbian. Ostiralean Zaragoza izango dute aurkari

Atzo Lehen Mailako areto futbol ligako 20. jardunaldia jokatu zen. Magna Gurpea Xotak eta Tuterako Aspil Vidalek derbia jokatu zuten berdeen etxean, Anaitasunan. Nafarroako areto futbolaren festa izan zen atzokoa, eta nahiz eta asteartea izan, 2.000 zale bildu ziren taldeei babesa emateko. Irutzungoak suertatu ziren garaileak, talde lan bikaina egin eta gero (3 eta 1). Beste behin, Rafa Usin nabarmendu zen.

Hasieratik erritmo bizian jokatu zuten bi taldeek. Hainbat saiakeraren ondoren, Roberto Martil irurtzundarra izan zen markagailua mustu zuena, 8. minutuan. Berdeek erasotzen jarraitu zuten eta 15. minutuan Rafa Usinek bigarrenez zulatu zuen Tuterakoen atea. Zalantzarik gabe, Magna Gurpeako jokalaririk onena izan zen Usin. Bigarren zatian, Magnakoen irteerako baloi baten akatsa probestu zuen Aspil Vidalek gola egiteko. Horrela, partida bukaerak denetatik izan zuen. Asier atezaina aldageletara bidali zuten, areatik kanpo baloia eskuekin ukitzeagatik. Jokalari bat gutxiagorekin, defentsa sendotuz erantzun zuten Imanol Arregiren mutilek. Partida bukatzeko lau minuturen faltan, atezain-jokalariarekin aritu ziren Aspil-Vidalekoak. Magna Gurpeakoek ongi defendatu zuten eta partidako azken minutuan Rafa Usinek bere bigarren gola eta talde berdearen hirugarrena sartu zuen. Garaipen baliotsuarekin bukatu zuten lehia irurtzundarrek.

Jokalariek egindako lanarekin oso kontentu zegoen Imanol Arregi. “Garaipen oso landua eta oso garrantzitsua izan da. Kopako finalera sailkatu gara eta bolada eta dinamika oso positiboan gaude. Lehen zatian defentsa lan ona egin dugu, baina xehetasun txikiengatik erabakitzen diren partidak dira hauek eta gaur xehetasun horiek alde izan ditugu” adierazi zuen entrenatzaileak.

Ostiralean Zaragozan
Ligako 20. jardunaldia jokatuta, lehen mailako liderra Movistar Inter taldea da (48 puntu), puntu batera Bartzelona duela. Magna Gurpea seigarrena da, 36 punturekin, bosgarrena den Peñiscola RehabMedic taldearekin puntutara berdinduta. Ostiralean Zaragozan jokatuko du talde berdeak, 21 punturekin sailkapenean 11.a den Rios Renovables Zaragoza taldearen kontra, 20:45ean.