Magna Gurpeak ez zuen El Pozoren kontra galtzea merezi izan

Guaixe 2017ko ots. 27a, 15:27

Sailkapen orokorrean zazpigarrena da talde berdea eta ostiralean Levante izango du arerio

Magna Gurpea Xotak eta El Pozo Murciak partida oso lehiatua eskaini zuten ostiralean Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Partida hasieratik arrisku handia sortu zuten Imanol Arregiren mutilek. Horrela, laugarren minuturako Dani Saldise irurtzundarrak Magna Gurpea aurreratu zuen, baina murtziarrek berehala erantzun zuten eta bi minutura berdintzea lortu zuten. Eta minutu eskasera bigarren gola sartu zuen El Pozok. Imanol Arregiren mutilak ez zuten partida galdutzat eman eta behin eta berriz eraso egin zioten El Pozo talde ahaltsuari, baina emaitzarik gabe. El Pozoko Flavio atezainaren geldialdi bikainek eta berdeen punteria faltak euren asmo guztiak zapuztu zituen. Eseverrik, Yoshikawak… aukera paregabeak izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Horrela, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 1 eta 2 galdu zuten nafarrek etxean.

“Kolore guztietako aukerak izan ditugu baina Flavio atezaina ikusgarri aritu da, ate barruraino zihoazen lauzpabost baloi geldituz. Horretaz gain, lehen zatian bi akats izan ditugu eta horregatik sartu dizkigute golak. Baina eurek ere akats defentsiboak izan dituzte eta guk ez dugu hori aprobetxatzen jakin. Ez dugu partida galtzea merezi izan” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak.

Ligan zazpigarrenak
Movistar Inter da lehen mailako liderra (57 puntu). Magna Gurpea Xota zazpigarrena (37 puntu). Ostiralean 15 punturekin sailkapenean 14.a den Levante izango du arerio Magna Gurpea Xotak. Partida 20:00etan jokatuko da, Levanten.